Karmengo Amaren eguna ospatuko dute herrian datorren asteazkenean

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 13a, 10:00

Artxiboko irudian, Karmengo Amaren ospakizuneko une bat.

Ohi bezala, aurrena elizkizuna izango da Bariko San Nikolas parrokian, eta ondoren, prozesioan jaitsiko dute amabirjinaren irudia moilaraino.

Orion dena prest dute datorren asteazkenean, hilaren 16an, Karmengo Amaren eguna ospatzeko. Ohi bezala, aurrena elizkizuna izango da Bariko San Nikolas parrokian, eta ordua ere zehaztu dute: 18:00etan izango da. Jarraian, 18:30 aldera, prozesioan moilara jaitsiko dute amabirjinaren irudia.

Urtero lorez eta arrantzale giroko apaingarriekin apaintzen dute Karmengo Amaren irudia arrantzale familietako kideek elizkizunaren aurretik, eta mezaren une batean, kandela bana piztuko dute herriko bapore bakoitzeko, baita herriko traineru bakoitzeko ere. Arrantzaleen familietako hildakoen alde ere eskatuko da.

Moilan, azkenik, dantzariek Aurreskua dantzatuko diote Karmengo Amari, eta erriotik moilara gerturatuko diren traineruak bedeinkatuko ditu Juan Pablo Aroztegi apaizak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide