Ongietorri bikaina izan du sentsibilizazio kanpaina ibiltariak Orioko hondartzan

Aiora Arriola 2025ko uzt. 12a, 13:00

Hondartzaz hondartza bildutako plastikozko materialekin osatzen ari diren eskultura, atzo Antilla hondartzako pasealekuan. (Aiora Arriola)

Aldundiko Jasangarritasun departamentuaren eta Emaus gizarte fundazioaren eskutik, Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar! sentsibilizazio kanpaina ibiltaria egiten ari dira, eta esan dute herritarren erantzuna "bikaina" ari dela izaten. Bihar 14:00 arte egongo da ekintzetan parte hartzeko aukera.

Asteazkenean iritsi zen Antilla hondartzara Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar! sentsibilizazio kanpaina ibiltaria aldundiko Jasangarritasun departamentuaren eta Emaus gizarte fundazioaren eskutik, eta herrian jarraituko du igandea arte, hurrengo astean Zarautzera eta handik Getariara eta Zumaiara jarraitzeko.

Kanpainako kideak 11:00etatik 14:00 arte egoten dira hondartzako pasealekuan, eta, Gauzateka hondartzako materialak doan mailegatzeko zerbitzua dute martxan, haurrentzako birziklapenarekin zerikusia duten jarduerak egiteaz gain.

Jarduera horien bitartez, etxeko txikienek nola birziklatu ikasten dute, eta zalantzan jartzen dituzten zaborrak nora bota argitu. Sortutako eskulanak egurrezko egitura batean ezarri dituzte, eta halaxe egingo dute hondartza guztietan kanpainaren amaierara arte. Hala ere, kanpainaren helburu nagusia ez da birziklatzen jakitea, kontsumo ohiturei buruz hausnartzea baizik, zaborra murrizteko.

Egun hauetan haurrak eta familiak gerturatzeaz gain, gazteak ere gerturatu dira, Gauzateka hondartzako materialak doan mailegatzeko zerbitzua dela eta. Bertan, palak, baloiak, jolasak…uzten dituzte, ondoren, 14:00etarako itzultzeko. Orion, "jendearen erantzuna bikaina ari da izaten, hartutako materiala itzuli egiten baitute", azaldu diote Gukari kanpainako kideek.

Horretaz gain, birziklapen ohituren inguruan ere inkestak egiten ari dira, eta, ostegunetik, hondartzan dabiltza boluntarioak galdetegia egiten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide