Asteburu ezinhobea Orioko Bate Bizkorrentzat

Julene Sorarrain 2025ko uzt. 10a, 10:08

Orioko Bate Bizkorrak eta Izagaren aurkako partidua, pasa den igandean, Mendibeltzen. (OBB)

OBB taldeak jardunaldi "bikaina" egin zuen etxean pasa den igandean, "bi partidak borrokatuz eta bi garaipen oso komenigarri lortuz", Izagako taldearen aurka. Uztailaren 13an, ligako azken jardunaldia jokatuko dute Sant Boiren aurka, etxean. Bertan, Erreginaren Kopara joateko postu bat izango dute jokoan. 

Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak Izagaren aurka jokatu zuen Mendibeltz zelaian, pasa den asteburuan, Ohorezko Urrezko Mailako Liga Nazionaleko azken aurreko jardunaldian. OBBk jardunaldi "bikaina" egin zuela azpimarratu dute taldekideek, "bi partidak borrokatuz eta bi garaipen oso komenigarri lortuz".

Lehen partidan, OBBk markagailua ireki zuen partidako lehen hiru lasterketekin. Emaitza bere horretan mantendu zen, seigarren sarreran oriotarrek bi lasterketa gehiago egitea lortu zuten arte, aldea handituz eta Izagari gauzak zailduz. Oriotarren "defentsa sendoari" esker, 0-5 emaitzarekin bukatu zuten partida.

Nahiz eta lehen partida oso estua izan, bigarren partida are "zirraragarria" izan zela kontatu dute. Markagailua hutsean mantendu zen bi taldeentzat bigarren sarrerara arte, OBBk lasterketa bakarra sartzea lortu eta gero. Sarreraren ondoren, markagailuak bere horretan jarraitu zuen partida osoan zehar. "Tentsio handiko uneak izan ziren arren, oriotarrak indartsu mantendu ziren eta defentsa sutsuaren garrantzia berriro erakutsi zuten", esan dute taldekideek. Partida 0-1 emaitza estuarekin amaitu zuten.

Aipatzekoa da Sara Loidi eta Aroa Faro jokalarien "jaurtitze bikaina", baina batez ere Enora Simon jaurtitzailearena, "ez baitzuen lasterketarik baimendu eta 12 strike outs ere egin zituen lehen partidan".

Uztailaren 13an, igandearekin, ligako azken jardunaldia jokatuko dute jokalariek Sant Boiren aurka, etxean. Bertan, Erreginaren Kopara joateko postu bat izango dute jokoan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide