Libe Arruabarrena eskubaloi jokalari oriotarra Montenegron da atzotik, juniorren Europako Txapelketa jokatuko baitu Espainiako selekzioarekin. Sailkapen fasean daude oraindik, eta D multzoan ariko da, Alemaniarekin, Errumaniarekin eta Feroe uharteekin batera.
Gaur bertan ekingo diote lehiari, 17:00etan. Alemania izango dute aurreneko aurkaria. Bihar 12:00etan, berriz, Feroe uharteen aurka jokatuko dute partida, eta larunbatean, 19:30ean, Errumaniaren aurka.
Munduko txapelduna da Espainiako selekzioa, eta maila horri eusten saiatuko dira lehiaketa honetan Joaquin Rocamorak entrenatzen dituen neskak. Hilaren 20ra arte ibiliko dira txapelketan lehian.