Iristear da arraun zale asko itxaroten ari ziren eguna: Euskotren eta Eusko Label ligak hastear dira, eta hemendik aurrera, asteburuero uretan ikusiko dituzte Orioko gizon-emakumeen ontzi nagusiak.
Aurreneko estropada hori erlojupekoa izango da, eta 17:20ean hasiko da arraunean lehenbiziko ontzia. Oriotarrekin batera, Zumaia (aspaldiko partez), Arraun Lagunak, Hibaika, Tolosaldea, Donostiarra, Astillero eta Hondarribia lehiatuko dira gorengo mailan.
Eusko Label ligakoak uretaratuko dira ondoren, 18:16an hasita. Oriorekin batera beste 11 ontzi izango dira lehian: Getaria, Bermeo, Zierbena, Hondarribia, Kaiku, Donostiarra, Cabo, Lekittarra, San Juan, Ondarroa eta Ares. Igandean, Sestaon (Bizkaia) izango dute hitzordua guztiek.
Arraun Lagunak da faborito emakumezkoetan, eta Orio, gizonezkoetan. Larunbatetik aurrera ikusiko da aurreikuspenak betetzen ote diren.
Egutegian, aldaketak
Bestalde, antolakuntzak zenbait aldaketa egin du aurten egutegiari eta estropada eremuei dagokienez. Esaterako, bi ligak Bilbon hasiko dira Galizian beharrean; abuztuan jokatuko dituzte estropadak han.
Beste aldaketak Euskotren ligari eragiten dio, orain arte Zarauzko Ikurrinarekin amaitzen baitzuten denboraldia emakumezkoek. Aurten, ordea, Getariako Ikurrinarena izango da azken estropada, abuztuaren 24an. Bezperan, Ondarroan (Bizkaia) lehiatuko dira.
4
harrobiko arraunlariak ontzian
Urtez urte ontzietan harrobiko arraunlari gehiagok egin beharko du arraun: iaz hiru zen gutxieneko kopurua, aurten lau izango da, eta datorren urtean, berriz, bost.