Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionalaren hamalaugarren jardunaldia jokatu zuten Viladecanseko (Herrialde Katalanak) zelaian pasa den asteburuan. Kontraste jardunaldi bat, non talde bakoitzak bere jokoa inposatzea lortu zuen jokatutako bi partidetako batean.
Lehia lasterketa batekin hasi zuen etxeko taldearen aldetik, lehen sarreran bisitariek defentsan akats txiki bat egin ondoren. Hortik aurrera, bi taldeek "gogor" defenditu zuten, erasoek aurrera egitea eragotziz. OBBk "aukera garrantzitsua" izan zuen seigarren sarreran: oinarriak bete eta Kataluniako taldeari presioa egin zion, baina ez zuen markagailua iraultzea lortu. 3-0 emaitzarekin amaitu zuten jardunaldia, Viladecanseren alde.
Bigarren txandan, egoera "erabat" aldatu zela kontatu dute. Oriotarrak "seguru" irten ziren lehen sarreratik, sei lasterketa batu baitzituzten hasierako eraso "indartsu" batean. Kataluniarrak lasterketa batekin erantzuten saiatu ziren, baina OBBk jokoaren "kontrola mantendu" zuen eta bere abantaila handitu zuen laugarren sarreran, lau lasterketa gehiago eginez eta seigarrenean, aldiz, beste bi gehituz. Markagailua 2-10 emaitzarekin itxi zuten, talde bisitariaren alde, "garaipen baliotsua" eskuratuz.
Etxean jokatuko dute datorren jardunaldia, asteburu honetan, eta Izagako (Nafarroa) taldearen aurka lehiatuko dira Mendibeltzen.