Mola Mola tabernak bosgarrenez antolatu du Mola Market egitasmoa. Igande honetan izango da hitzordua, eta egun osoko egitaraua prestatu dute udari hasiera ezinhobea emateko. Taberna alboko berdgunean muntatuko dute azoka, eta sarrera doakoa izango da.
Goizeko 10:00etan ekingo diote ospakizunari, yoga ikastaro batekin. Jarraian, 11:00 aldera, azokako ateak zabalduko dituzte. Aurten 40 postutik gora jarriko dituzte, eta gerturatzen direnek askotariko artisau produktuak erosi ahalko dituzte, hala nola zeramika, bitxiak, diskoak edota bigarren eskuko arropa.
Arratsaldetik aurrera, musika izango da festako protagonista. 16:00etan hasita, Caribefunk bikoteak beren jaioterriko doinu alaiak eta dantzagarriak eskainiko ditu tabernako terrazan. Bikotearen ostean, Smile talde getxotarrak hartuko du erreleboa. 18:00etan hasiko dute emanaldia, eta bertaratzen direnek beren azken abestiak entzuteko aukera izango dute.
Ospakizunari amaiera emateko, house, tech edota afro doinuak jartzen arituko da Esku DJa, herritarrak dantzan egiteaz nekatzen diren arte.