San Pedro jaiak 2025

Adin guztietako herritarrek gozatu dute San Pedro eguneko goizaz

Intza Trula 2025ko eka. 29a, 15:30

Txarangaren kalejira, kronoigoera eta herri kirol parte hartzaileak izan dituzte San Pedro jaietako hirugarren egunean.

Festak ez du etenik Orion, eta San Pedro eguna ospatzen dabiltza jada herritarrak. Festetako hirugarren eguna da gaurkoa, eta oriotarren artean nekea dagoeneko nabaritzen hasi bada ere, gogotsu parte hartu dute goizeko ekintzetan.

Esaterako, Orioko txaranga kalez kale ibili da goizetik, lo zeuden herritarrak esnatu eta kalean zebiltzanak animatzeko helburuarekin. 11:00 aldera, berriz, kronoigoera jokatu dute hainbat lagunek, Orioko Aldapa zikloturista elkarteak antolatuta.

Haurrek zein helduek izan dute proban parte hartzeko aukera, eta maila bakoitzera egokitutako ibilbidea egin behar izan dute txirrindulariek. Hain zuzen, haurrak Herriko Plazatik abiatu dira, eta Pillikun izan dute helmuga. Helduen ibilbidea luzeagoa izan da, Herriko Plazatik San Martin ermitara egin baitute igoera.

Zertxobait beranduago, 13:00 aldera, herri kirol parte hartzaileak egin dituzte Herriko Plazan. Haur ugari gerturatu da lagunartean denbora igarotzera.

Honakoa da arratsaldeko egitaraua:

Gaur, San Pedro eguna

  • 17:00. Haur eta gazteen pilota partidak, frontoian.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin, kalez kale.
  • 19:00. Soka dantza, eta jarraian, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
  • 23:00-02:00. Gaueko emanaldiak: Alarma Morea, DJ La Fulana eta DJ Troti, Herriko Plazan.

Bihar, San Pedro bigarrena

  • 10:00. Bizijolas haurrentzako jolasak (2-10 urte), Muntoko berdegunean.
  • 10:30. I. San Pedro Erronka. Talde jolasak eta bazkaria (10-14 urte), Herrian barrena.
  • 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 19:00. Kontzertua: Old Glasses, Herriko Plazan

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide