Kalejira eta sardina janarekin hasi zuten atzo Arrantzale eta Harrotasunaren eguna Orion, eta eguerdi partean ospatu zuten eguneko unerik bereziena: saregileak eta saregile ohiak omendu zituzten Herriko Plazan. Arratsaldean izan zuen jarraipena festak, eta haur, gazte zein helduentzako ekintzak izan ziren Herriko Plazan eta inguruetan.
Besteak beste, Bide Batez erromeria taldearen kontzertuan gerriak astintzeko aukera izan zuten oriotarrek. Plaza dantzariz bete zen une batetik bestera, eta banaka, binaka zein taldean aritu ziren dantzan.
Horrez aparte, umeentzako txokoa zabaldu zuen Gukak udaletxearen aurrean. Eskulanak egiteko aukera izan zuten bertan, eta globoak ere banatu zizkieten etxeko txikienei.
Aldi berean, Arrantzale Eguna baliatuta, heriotzarik gabeko arrantza txapelketa jokatu zuten moilan. 8 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekintza izan zen.
San Pedro eguna ospatzen ari dira gaur, eta ondorengoa da gaurko eta biharko prestatutako egitaraua:
Gaur, San Pedro eguna
- 12:30. Meza Nagusia, Salatxo abesbatzak kantatuta.
- 13:00. Herri kirol parte hartzaileak eta pintxoak, Herriko Plazan.
- 17:00. Haur eta gazteen pilota partidak, frontoian.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin, kalez kale.
- 19:00. Soka dantza, eta jarraian, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
- 23:00-02:00. Gaueko emanaldiak: Alarma Morea, DJ La Fulana eta DJ Troti, Herriko Plazan.
Bihar, San Pedro bigarrena
- 10:00. Bizijolas haurrentzako jolasak (2-10 urte), Muntoko berdegunean.
- 10:30. I. San Pedro Erronka. Talde jolasak eta bazkaria (10-14 urte), Herrian barrena.
- 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
- 19:00. Kontzertua: Old Glasses, Herriko Plazan