Datorren asteartean hasiko da Orioko txu-txu trenaren zerbitzua, eta martxan izango da abuztuaren 31ra arte. Garraioaren erabilera sustatzeko, udalak 10 euroan jarri du salgai uda osoko bonua, eta eskuragarri izango da prezio horretan ekainaren 30era arte. Uztailaren 1etik aurrerako prezioa, berriz, 20 eurokoa izango da. Herritarrek turismo bulegoan eskuratu dezakete bonua, eskaera orria beteta eta karnet tamainako argazkia entregatuta.
Bonuaz gain, joaneko txartelak ere izango dira salgai uda osoan turismo bulegoan, kanpinean eta trenean. Gidariak berak salduko ditu, baina zehaztu dutenez, kreditu txartelarekin bakarrik erosi ahalko dira. Euro bateko prezioa izango dute, eta 3 urtera arteko haurrek, aldiz, doan bidaiatuko dute. Herrigunetik hondartzara joateko edo itzultzeko erabili ahal izango da joaneko txartel bakoitza. Bestalde, 15 joaneko txartel sorta 10 euroan erosi ahal izango da, baina bakarrik turismo bulegoan edota kanpinean.