2023an indarrean sartu zen Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko legeak finkatzen ditu katu jabeen eta udalaren ardurapean dauden katu kolonien kudeaketaren ardurak eta irizpideak. Horren harira, Orioko udalbatzak maiatzeko ohiko bilkuran onartu zuen aho batez katu kolonien kudeaketa etikorako programa, eta horren berri emango die herritarrei, uztailaren 1ean egingo den bilera irekian. Bilera "katu jabeei eta katuzaleei" zuzenduta dagoela jakinarazi dute, eta 19:00etan izango da, Salatxo aretoan.
Legeak zehazten duenez, udalaren ardura baita herriko katu koloniak kudeatzea, HEMI metodoa aplikatuz: harrapatu, antzutu, markatu eta itzuli. Horretarako, animaliak zaintzeaz, identifikatzeaz, markatzeaz eta erroldatzeaz arduratzen diren pertsona eta elkarteekin lankidetzan ariko da. Udalak, bere partetik, "urteak" daramatza metodo hori aplikatzen, herritar boluntarioen laguntzaz.
Aurten, ordea, udala "kudeaketa zuzenagoa" egiten hasi da, zuzenean bere gain hartuz "katuen elikadurari, osasunari, bizitokiari eta bestelako baliabideei lotutako gastuak". Elkarteetako kideak eta boluntarioak, aldiz, eguneroko zaintzaz arduratzen dira, hau da, katuak elikatzeaz, etxolen kokalekuak proposatzeaz eta horiek gainbegiratzeaz, gaixo dauden edo behar bereziak dituzten katuak identifikatzeaz, besteak beste.
Bilera irekia asteartean
Udalak herritarrei prozesuaren berri emateko bilera irekia antolatu du, besteak beste, funtzionamendua zein den jakin dezaten, baita zalantzak argitzeko ere. Bertan, udaleko ordezkariek herriko egoeraren berri emango dute: zenbat katu kolonia dauden Orion, nola zaintzen diren eta udalaren ardurak nola kudeatzen diren. Gainera, Gema Algora Aizpurua ingeniari agronomoa ere bertan izango da katuen egoera eta jarraitu beharreko irizpideak zein diren azaltzeko.
.