San Pedro jaiak 2025

Orioko Udalak eta herriko eragileek erasoen aurkako adierazpen bateratua plazaratu dute festen atarian

Julene Sorarrain 2025ko eka. 26a, 09:15

LGTBIQ+ kolektiboaren bandera udaletxeko balkoian eskegita. (Julene Sorarrain)

Iazko sanikolasetatik, mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak "ugaritu" egin direla azpimarratu dute 40 eragiletik gorak sinatutako idatzian. San Pedro festen atarian, gogora ekarri dute jaietan ez dela "eraso matxistarik" ezta "jazarpenik" onartuko, eta erasoen aurrean, "planto" egingo dutela.

Orioko Udalak eta Saregile Emakumeen Etxeak adierazpen bateratua kaleratu dute, herriko hainbat eragilerekin batera, ekainaren 13an jasandako erasoen harira. "Iazko sanikolasetatik hasita, ugaritu egin dira Orion mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak, eta gero eta larriagoak dira. Mundu osoan zabaltzen ari den olatu erreakzionarioaren zantzu gero eta nabarmenagoak ikusten ditugu herrian, eta oso kezkatuta gaude", adierazi dute jasotako adierazpenean.

Halaber, azpimarratu nahi izan dute Oriok "apustu garbia" egin duela "berdintasunaren eta aniztasunaren alde", eta idatzia sinatzen duten elkarte eta eragileek argi utzi die erasotzaileei "bakarrik" daudela: "Alferrik ari zarete gehiengoaren nahia oztopatu nahian".

San Pedro festen atarian, gogora ekarri dute jaietan ez dela "eraso matxistarik" ezta "jazarpenik" onartuko, eta erasoen aurrean, "planto" egingo dutela. "Herriko festak guztionak dira eta guztiok dugu eskubidea bakean ospatzeko, lasai, aske eta alai. Denon ardura da mezu hau zabaltzea eta, nork bere lekutik, gure aletxoa jartzea hala izan dadin".

Hurrengo eragileek sinatu dute adierazpena: Aldapa txirrindulari taldea, Arkupe dendarien elkartea, Arrantzale Egunaren talde eragilea, Orioko Arrantzale Kofradia, Badok 13 kirol-elkartea, Berdin Berdinak kirol elkartea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, Errikotxia Bertsozale Elkartea, Etxeluze gaztetxea, Garmendiazpi auzo elkartea, Gazteon Ahotsa, Harribil dantza-taldea, Herrio natur taldea, Itxastresna surf-taldea, Kamel Ziani atletismo elkartea, Lera mitologia taldea, Maria Maestra haurreskola, Mugimendu Feminista, Muskuilu-Harri elkartea, Oria Bizi ongizate-elkartea, Orio Arraunketa Elkartea, Orio Eragin Eskubaloi Taldea, Orioko AEK-ko irakasleak, Orioko Bate Bizkorrak, Orioko Erraldoiak, Orioko Futbol Elkartea, Orioko Gure Esku Dago, Orioko Herri Ikastola, Orioko Pakak, Orioko txaranga, Ospele pilota elkartea, Ostargi aisialdi-elkartea, Salatxo abesbatza, San Martin Auzo Elkartea, San Pedro jai-batzordea, Saregile Emakumeen Etxea, Talaimendi mendi elkartea, Txosna batzordea, Txurrumuski aisialdi elkartea, Zaharren Babeslekua, Zainbizi elkartea, Zaragueta Herri Eskola, Zast saskibaloi taldea eta Orioko Udala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide