Esanahi baten bila, fedea eta argazkilaritza uztartuz

Julene Sorarrain 2025ko eka. 26a, 08:00

'Agerian' erakusketako zenbait argazki, Orioko San Nikolas elizan. (Julene Sorarrain)

Bixen Bergara argazkilariak "fedea eta kultura" uztartu ditu bere azken lanean. Gaur izango da erakusketa ikusteko azken eguna, Orioko San Nikolas elizan.

Bixen Bergara argazkilari irundarrak (Gipuzkoa) Agerian izeneko erakusketa zabaldu zuen pasa den astean Orioko San Nikolas elizan. "Non agertzen zaigu jainkoa?" galderari erantzuna eman nahian, hemezortzi argazkiz osatutako mostra prestatu du hark. Gaztelerazko revelado hitzari keinua eginez, argazkien errebelazio prozesua eta, aldi berean, "jainkoa non ager daitekeen edo bakoitzak non ikus dezakeen" islatzen du erakusketak.

Erakusketa egiteko proposamena eliza barrutik jaso zuen Bergarak duela bost urte inguru. "Fedearen eta kulturaren arteko lan bat egin nahi zuten, eta nire ikuspuntua kontuan izanik, azken urteak mostrarako argazkiak ateratzen pasatu ditut". Erakusketa egun oso bat izango balitz bezala planteatu du Bergarak; hau da, egunsentiarekin hasi eta ilunabarra iritsi arteko bidaia bat. "Bertan, kalean aurkitutako egoerak erakutsi nahi izan ditut, nahiz eta prestatutako argazki batzuk ere badauden. Funtsean, pertsona beti erdian kokatzen saiatu naiz, nire ustez jainkoa aurkitzeko egin beharreko bidea hori delako. Aita edo ama batek bere seme edo alabari dion maitasuna jainkoak guri digunarekin uztar daiteke, baita lagun batek edo gure beharrean aurkitzen den norbaitek behar duena ere... Aldi berean, guk ere izan dezakegu maitasun horren beharra, norbaiten sorbaldaren beharra gure kezkak samurtzeko".

Elizak "ezohiko" erakusketa bat egin nahi zuela kontatu du Bergarak, haren «betiko irudia» aldatu nahian. "Nire ikuspuntuari heldu nion, nire argazkiak egiteko modutik, eta hori helarazi nahi izan dut. Mostra osatu ondoren, argazki bakoitzari esaldi bat gehitu nion, eta San Nikolas elizan Bibliako aipuak ere erantsi dizkiote amaieran".

Erakusketako argazki asko eta asko analogikoak dira; beste zenbait, aldiz, digitalak. "Proiektuaren hasieran ez nekien oso ondo nondik jo. Baina konturatu nintzen argazki kamera zaharrekin digitalekin baino errazago egiten nituela argazkiak kalean. Inprimazioa digitala den arren, argazkiak egiteko modua analogikoa da". Bergarak bi kamera mota erabili ditu proiektuan, bakoitza bere berezitasunarekin, "zerbait berria" gehitu nahian. Gizartean dena "oso azkar" doala argudiatu du argazkilariak, eta aparatu zaharrekin lan egiteak "bere xarma" duela iritzi du. Hortaz, 1960ko hamarkadako Voigtländer Vito CL kamara eskuan, kalez kale aritu da argazkilaritza eskolan ikasitakoa erakusketara eraman nahian. "Kasualitateak gertatzen ez direnez, berehala ilusioz ekin nion proiektuari, ea zer argazki egiten nituen ikusi nahian".

Agerian erakusketa ibiltari bat dela azaldu du Bergarak, elizetan ez ezik, kultur etxeetan ere erakusteko asmoa baitu. Irunen hasi zuen bere ibilbidea, Donostiako Artzain Ona eta Elizbarrutia elizetatik igaroz, Orioko San Nikolas parrokiara iritsi arte. Hala, erakusketa Orion ikusteko azken aukera gaur izango dute herritarrek; izan ere, hurrengo geldialdia Oñatin (Gipuzkoa) egitea aurreikusi du Bergarak. Eliza zabalik izango da 10:00etatik 18:00etara bitartean, eta sarrera doakoa da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide