San Pedro festak direla-eta, hurrengo egunetan hainbat aldaketa izango dira herrian. Batetik, ohi bezala, ibilgailuen zirkulazioan izango dira aldaketak. Bestetik, ostegunetako azoka ere tokiz aldatuko dute. Azken horri dagokionez, bi astetan barrakak izango dira herrian. Ohiko lekuan jarriko dira, Ikastola aurreko plazan, eta egunotan hasi dira instalatzen. Hori dela eta, osteguneko azoka lekuz aldatuko da datozen bi asteetan, eta kiroldegiaren eta Arantzazuko Andra Mariko etxeen artean jarriko da, ohiko ordutegian.
Trafikoari dagokionez, berriz, Herriko Plaza parea itxita egongo da autoentzat ostiral honetatik aurrera, ekainak 27. Errepidea 18:00etan itxiko da, eta astelehenean ireki, ekainaren 30ean, 20:30ean, festa programari amaiera eman eta gero. Hala ere, festetan goizero zabalduko da plaza pareko errepidea ibilgailuentzat, bi norantzatan, ordutegi hauen barruan: ekainaren 28an, larunbatarekin, 08:00etatik 10:30era; ekainaren 29an, igandearekin, 08:00etatik 11:30era; eta ekainaren 30ean, astelehenarekin, 08:00etatik 11:30era.
Gainera, festetako hainbat ekitalditan (txaranga, erraldoiak, Arrantzale Eguneko kalejira, bizikleta igoera…) trafikoa puntualki geldituko da, udaltzain eta ekitaldietako antolatzaileen bitartez bideratzeko.
Igandean, txirrindularitza proba
Azkenik, udalak jakinarazi du igandean ere, ekainaren 29an, trafikoari eragingo dion proba bat igaroko dela herritik: Donostiako Memorial Onditz triatloia. Usurbil aldetik etorriko dira txirrindulariak, N634 errepidetik, eta Igeldorako bidea hartuko dute Txankatik barrena. Ondorioz, Txankako aldapa eta Benta bidea itxita egongo dira 10:00etatik 11:30era (ezingo da autopistako sarrera/irteera erabili).