Hainbat domina jantzi dute oriotarrek Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 23a, 14:13

Espainiako txapelketa irabazi duten kadeteak, asteburuan Sevillan. (OAE)

Orio Arraunketa Elkarteko kideek Sevillan (Espainia) jokatu dituzte estropadak asteburuan, eta emaitza bikainak lortu dituzte: urrea eskuratu dute emakume kadeteek binako laukoan, gizonezko kadeteek zilarra modalitate berean, eta brontzea gizonezko absolutu bakarkakoan eta gizonezko jubenilek lemazaindun laukoan.

Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketa izan da asteburuan Sevillan (Espainia), eta Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) arraunlariek emaitza bikainak lortu dituzte, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominekin itzuli baitira etxera. Urrea kadete neskek lortu zuten, binako laukoan; zilarra, mutil kadeteek, horiek ere binako laukoan; eta brontzea, berriz, gizonezko absolutu bakarkakoan eta gizonezko jubenilek lemazaindun laukoan.

Ostiraletik igandera jokatu zen txapelketa, eta final handira oriotarren zazpi ontzik lortu zuten sartzea. Klubak 19 ontzi aurkeztu zituen guztira –10 kadeteenak; 7 jubenilenak; bana 23 urtez azpikoena eta absolutuena–, eta 50 pertsona izan dira Andaluziako lurretan asteburuan. 

Oriotarren emaitzak ez dira nolanahikoak, estatuko 60 elkartek baino gehiagok parte hartu dutelako txapelketan, eta guztira 1.100 arraunlari baino gehiago lehiatu direlako modalitate askotako 477 ontzitan. Gainera, bero handia egin du, eta horrek esfortzu handiagoa egitea eskatu die kirolariei.

Orioko kadete mutilak, ezkerrean, zilarrezko dominekin. (OAE)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide