Orio Eragin eskubaloi taldeak merezitako amaiera eman zion aurtengo denboraldiari pasa den asteburuan, IV. Eragin Eguna ospatuz. Klubak urte osoan zehar eskubaloiaren bueltan dabiltzan jokalariak, entrenatzaileak eta euren familiak bildu eta elkarrekin denboraldiaren amaiera ospatu zuen.
Goizean goiz eman zioten hasiera ospakizunari, gurasoen eta jokalarien arteko partidekin. Jarraian, poteo girotua eta bazkaltzeko geldialdia egin zituzten, goizeko partiduen ondoren indarrak berriro berreskuratzeko.
Aurten, gainera, klubak Eragin Saria berreskuratzea erabaki du, "emakumeon indarra, konpromisoa eta ikusgarritasuna" ospatzeko helburuarekin. Eta horregatik, sari banaketan bi emakume omendu zituzten: Nerea Oteiza eta Ninoshka Gozategi. "Bi emakume hauek ez dira soilik jokalariak. Amak dira. Langileak. Borrokalariak. Egunerokoan, familia, lana eta eskubaloia uztartzen dituzte, askotan ikusezin bihurtzen den lan isil eta nekaezin horrekin".
Omenaldiaren ostean, klubeko kideek eskerrak eman zizkioten bikoteari beraien konpromisoagatik, ausardiagatik eta presentziagatik: "Gaur, zuen izenak ez dira soilik oroigarri batean geratuko. Gaur, zuen eragina bihotzetan geratuko da. Baina ez zarete bakarrik ibili. Gaurko sariak, neurri handi batean, etxekoen babesari esker dira posible. Eskerrik asko Joseba eta Marco, beti alboan egoteagatik. Eta eskerrik asko Paul eta Axel, baita Enara ere, zuen amek bidea egiten jarrai dezaten ematen duzuen indarragatik. Zorionak, eta mila esker eragina izateagatik".
Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta utzitakoak.