Etxeluze gaztetxearen urteurrena ospatuko dute bihar

Julene Sorarrain 2025ko eka. 20a, 11:00

Etxeluze gaztetxea.

Askotariko ekintzak antolatu dituzte gaztetxearen hamabosgarren urteurrena ospatzeko: parrillada, kalejira, kontzertuak, serigrafia tailerra eta DJ saioa, besteak beste.

Etxeluze gaztetxeak hamabosgarren urteurrena ospatuko du bihar, eta egitarau biribila osatu dute horretarako. 13:10ean hasiko dute festa, marea gorarekin batera, eta bertaratzen direnei bainujantzia ekartzeko eskatu diete, "beroa pasa ez dezaten". Jarraian, bazkaria egingo dute gaztetxearen kanpoko zelaian, eta parrillak aterako dituzte herritar bakoitzak bere bazkaria presta dezan. Bestalde, entsaladak ere salduko dituzte, bi euroren truke.

Bitartean, Zorione Mendezek serigrafia tailerra eskainiko du, eta bertaratzen direnek euren kamisetak estanpatzeko aukera izango dute.

Bazkalostean, 18:00etan, gurpildun ibilgailuekin kalejira egingo dute herrian zehar. Bizikletak edota patineteak eramateko eskatu dute, eta ibilbidean zehar, gainera, artisau garagardoa dastatzeko aukera izango da.

Ondoren, 20:30etik aurrera, Pelax eta Iñaki Rifaterra arduratuko dira festa girotzeaz. Unai Pelayo Pelax 2013an hasi zen bakarkako emanaldiak eskaintzen. Urte hauetan zazpi disko kaleratu ditu, eta larunbatean Iñaki Rifaterrarekin batera arituko da Etxeluzeko oholtzan. Rifaterra Nafarroako litografoa da. Artelekun eta Debako (Gipuzkoa) Arte Eskolan egin du lan, artistentzako tailerrak koordinatuz. 2020an Atelier Estella Lizarra litografia tailerra zabaldu zuen, grafika garaikidea lantzeko.

DJ saioarekin jarraituko dute festan gauean, "dantza egiteaz nazkatzen" diren arte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide