European Cup txapelketan parte hartuko du Arruabarrena eta Urbitarteren Beti Onak taldeak

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 19a, 17:30

Libe Arruabarrena eta Laida Urbitarte. (Utzitakoa)

Eskubaloi klubak gaur jakinarazi du ekonomikoki bideragarria ikusten duela txapelketa horretan lehiatzea, eta jokalari oriotarrak "oso pozik" agertu dira erabakiarekin.

Beti-Onak eskubaloi talde nafarrak European Cup txapelketa jokatuko du 2025-2026. denboraldian, eta talde horrekin bi oriotarrek ere jokatuko dute Europa mailan: Libe Arruabarrenak eta Laida Urbitartek, hain zuzen.

Europan lehiatzea klubarentzat ekonomikoki bideragarria zen aztertzen ibili da zuzendaritza, eta azkenean erabaki du pausoa ematea, klubak gaur argitaratu duen oharrean azaldu duenez: "Nafarroako eskubaloiak, Atarrabiako zaleek eta emakumezkoen kirolak merezi dute abentura europar hau bizitzea, eta pauso labur baina seguruak ematen jarraitzea Beti-Onak Kirol Elkartea buru duen proiektu honen hazkundean", esan du oharrean.

Jokalari oriotarrak ere pozarren dira klubaren erabakiarekin, Arruabarrenak hedabide honi kontatu dionez: "Oso pozik gaude horrelako esperientzia eta txapelketa bat jokatzeko aukera izateagatik. Taldeak ilusio handiarekik hartuko du erronka hau", esan du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide