Orioko Udalak ostiral honetan banatuko du etxez etxe aurtengo sanpedroetako egitaraua, baina, herritarrak "girotzen joateko", jaietako zenbait kontzerturen berri eman du jada. Festak antolatu dituen jai batzordeak adostu ditu aurten oholtzara igoko diren artistak, "gustu ezberdinak" kontuan izanik.
Hala, ekainaren 27an, txupinarekin batera, Oilar Beltzak taldearen kontzertuak emango die hasiera festei. Euskaraz abestutako rantxera eta bestelako abestiekin dantzan jarriko dituzte herritarrak. Gauean, berriz, Eztanda erromeriak alaituko du plaza.
Larunbatean, Arrantzale eta Harrotasunaren Egunean, Bide Batez taldearen erromeriaz gozatzeko aukera izango da arratsaldean. Gauean, berriz, lau artista igoko dira oholtzara: Kiliki, DJ Lamia Mari, Ofensa eta Siwanaba. Gau horretako kartel burua Kiliki izango da, Chill Mafia taldearekin ezagun egin den musikaria. Musikariak, ordea, bakarkako bidea hasi berri du, eta euskal musika urbanoaren erreferenteetako bat da.
Igandean, Alarma Morea bikotearen runba eta flamenko doinuek girotuko dituzte festak. Ondoren, DJ La Fulana eta DJ Trotiren txanda izango da. Azkenik, Old Glasses taldearen kontzertuak emango die amaiera sanpedroei, astelehen arratsaldean. Taldeak bertsio ezagunak joko ditu, adin guztietako lagunen gozamenerako.
Gauetako kontzertuak 23:00etatik 02:00etara izango dira, eta larunbatetik igandera bitarteko festa, aldiz, goizeko 05:00 arte luzatuko da.