Orioko jabe batek "maizterrak kanporatu eta etxebizitzak erabilera turistikorako erabiltzea" salatu du Etxebizitza Sindikatuak

Julene Sorarrain 2025ko eka. 17a, 15:00

Etxebizitza turistikoen kartela Getarian. (Getariako Udala)

"Aldi baterako kontratuak" erabiltzea eta udan "maizterrak kanporatzea eta etxebizitzak erabilera turistikorako bideratzea" leporatu dio sindikatuak Orion zazpi etxebizitza dituen jabe bati. Gertakariaren harira, batzar irekia egingo dute ostegunean, Etxeluzen, kasuaren xehetasunak azaltzeko.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Orion zazpi etxebizitza dituen jabe bat salatu du. Jabe hori "Basque Local Rents higiezinen enpresaren bitartez, aldi baterako kontratuak erabiltzen ari da urtean zehar etxebizitzak alokatzeko, eta udan maizterrak kanporatu eta etxebizitzak erabilera turistikorako bideratzeko", Etxebizitza Sindikatuaren arabera. Enpresa horrek "iruzurrezko sasoiko alokairuak" eskaintzen dituela dio sindikatuak, gero udan maizterrak "etxetik botatzeko eta poltsikoak betetzeko". Praktika horien helburua “familia langileen kontura etekinak handitzea” dela azpimarratu dute sindikatuko kideek.

Kaltetutako familietako batek "higiezinen agentziak ezarritako dinamika haustea eta bere etxebizitzan jarraitzea" erabaki duela jakinarazi dute, nahiz eta kontratuak ekainaren 15ean etxea utzi behar zuela adierazi. "Joan den udan, desgaitasuna duen seme bat duen familia hau behartuta egon zen bere etxea uztera, eta beste autonomia erkidego batera joan behar izan zuen, lagun baten etxean aldi baterako ostatu hartzera", azaldu dute salatzaileek. Diotenez, egoera horrek "eragin zuzena" izan zuen familiaren eta haurraren osasunean.

2023ko irailean itzuli zenetik, familiak "behin baino gehiagotan" eskatu du urteko kontratua. Hala ere, higiezinen agentziak eskaera guztiak baztertu dituela esan du sindikatuak, "jabearen nahiak soilik aplikatzen” dituela argudiatuta. Instituzioen aldetik konponbiderik ez dagoela gaineratu dute, eta familiak, ondorioz, "Etxebizitza Sindikatuarekin batera antolatzea eta etxea ez uztea" erabaki duela.

Basque Local Rents-ek ezarritako kontratua "irregularra" dela gaineratu du sindikatuak: "Familia Orion erroldatuta dago, lana eta bizitza soziala udalerrian egiten ditu, eta semea bertan eskolatuta dago. Aldi baterako kontratu hau ez da baliozkoa egoera honetan". Hain zuzen ere, sindikatuaren ustetan kontratua "iraunkorra" izan beharko litzateke, eta ez "aldi baterakoa".

Hortaz, kontratua "berehala berritzeko eta etxebizitzaren ohiko erabilera legez aitortzeko" eskatu dute Etxebizitza Sindikatukoek. Bestalde, higiezin enpresarekin "ekintza legalak eta zuzeneko negoziazioak" abiatuko dituztela jakinarazi dute, "familia etxean egon dadin, dagokion kontratuarekin". Turismoaren negozioak langileengan dituen ondorioak "salatzen eta borrokatzen" jarraituko duela gehitu du sindikatuak, "badakigulako antolakuntza eta borroka direla gure burua defendatzeko bide bakarrak".

Batzar informatiboa

Salatu duten egoera horren berri emateko, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak dei egin die herritarrei ekainaren 19an, ostegunenarekin, 18:30ean Etxeluze Gaztetxean egingo den batzar irekira joateko.

Batzar irekian, kasuaren xehetasunak eta estrategia kolektiboak partekatuko dituzte, besteak beste, "turismoaren negozioari aurre egiteko eta borrokan dagoen familiari elkartasuna adierazteko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide