Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldea Madrilen izan da asteburuan, Urrezko Ohorezko Mailako Softbol Liga Nazionaleko bigarren faseko bigarren jardunaldia jokatzen, Dridmaren aurka.
Lehen partiduko markagailua hirugarren sarreraren hasieran estreinatu zuten, izan ere, Orioren erasoaldiak "garrantzi handiko" bi puntu lortu zituen. Sarrerak aurrera egin ahala, OBBko jaurtitzaileak ez zuen lasterketa bakar bat ere galdu, eta horrela garaipena eskuratu zuten, 2-0 emaitzarekin.
Bigarren partida guztiz ezberdina izan zela kontatu dute. Dridma taldeak markagailua estreinatu zuen zortzi puntu lortuz lehen bi sarreretan. OBB, ordea, ez zen atzean geratu, eta txanda onak egin ondoren, bi puntu batu zituzten. "Hala ere, madrildarrek bateo maila onari eutsi zioten eta oriotarrak baino bost puntu gehiago egin zituzten", azaldu dute. Bigarren neurketako garaipena Dridmak lortu zuen.
Jokalariek atsedena izango dute datorren asteburuan, izan ere, jubenil taldeak 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatuko du Iruñean (Nafarroa).