Orioko Futbol Taldeko neskak Ohorezko Mailara igo dira

Julene Sorarrain 2025ko eka. 16a, 16:00

Orioko Futbol Taldeko neskak Ohorezko Mailara igo dira. (utzitakoa)

Zumaiarrek, atzo eskuratutako garaipenarekin, Euskal Ligara igotzea lortu dute, eta ondorioz, oriotarrek beren lekua hartu dute Ohorezko Mailan. Hala, Orioko klubeko bi talde seniorrek Ohorezko Mailara igotzea lortu dute aurtengo denboraldian.

Orioko Futbol Taldeko neskek Ohorezko Mailara igotzea lortu dute asteburuan. Izan ere, Zumaiako taldea Euskal Ligarako igoera fasea jokatzen ari zen, eta atzo eskuratutako garaipenarekin, zumaiarrek utzitako tokia oriotarrentzat izango da orain.

Oriotarrek hilabete hasieran hil ala biziko partida izan zuten Mendibeltzen, Aiztondoren aurka. Norgehiagoka hura, ordea, 1-2 emaitzarekin galdu zuten, eta ezin izan zuten helburua erdietsi. Zumaiak ordea, 0-10 irabazi zion Alegria taldeari etxetik kanpo atzo arratsaldean, eta Euskal Ligara sailkatuta, oriotarrek beraien lekua hartu dute Ohorezko Mailan.

Hala, igoeraren harira, Orioko klubak hurrengo oharra kaleratu du sare sozialetan, taldekideei eta jarraitzaileei eskerrak eman nahian: "Denboraldi ikusgarria izan da. Hasieratik amaierara, taldeek bihotza utzi dute zelaian. Borroka, ahalegina, batasuna… eta, batez ere, harrotasuna. Partida bakoitza amets baten pauso bat gehiago izan da, eta zalegoak ezin hobeto erantzun du: etxean zein kanpoan, beti gurekin, beti oihuka, beti sinesten. Baina egia da, bazela zerbait barruan iltzatuta geratu zitzaiguna. Ez dugu lortu hainbeste desio genuen helburu hura. Eskura izan genuen une batean, baina ihes egin zigun azken partidutan. Hor geratu zen: mingarria, baina, era berean, bultzatzen gaituen zauri bat bezala. Eta hala ere, amaieran, bizitzak edo kirolak, edo auskalo zer indarrek, opari bat ekarri digute. Ez da espero genuena, baina bai merezi genuena. Egindako lan guztiaren ordaina. Emozioz beteriko azken egun batean, irribarreak eta malkoak nahastu dira, eta, azkenean, bai: merezitako saria jaso dugu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide