Asteburu gogorra izan da Aiako Pala Taldeko jokalarientzat, izan ere, Astigarragaren aurka jokatu zuten Herriarteko finalerdietako joanekoa, eta 1-2 emaitzarekin amaitu zuten jardunaldia, garaipena aurkarientzat izanik. Lehenengo partida Iban Aldalurrek jokatu zuen Asier Luluagaren aurka. Lehia estua izan zela kontatu duten arren, amaieran Aldalurrek lortu zuen garaipena, 20-18 emaitzarekin.
Ondoren, binakakoa jokatu zuten Gari Zubillagak eta Aimar Aranberrik, Asier Salaberria eta Beñat Zubiarrainen aurka. 5-20 emaitzarekin irabazi zuten, ordea, aurkariek . "Izugarrizko partida egin zuten eta beren maila agerian geratu zen. Ez zen partidu azkar bat izan, eta lehenengo mailako pilotariak direla ikusi genuen".
Azkenik, zazpi koadroaren barruan jokatu zuen buruz burukoa Iker Lizasok Urdangarinen kontra, eta 10-20 emaitzarekin, eta beste behin, Astigarragarentzat izan zen garaipena. "Bagenekien talde oso indartsua dutela, eta oso zaila izango zela", gehitu dute taldekideek. Itzulerakoa ostegunean jokatuko dute, Astigarragan; partidaren ordua, ordea, oraindik zehazteko dago.