Espainiako Traineru Txapelketa jokatuko dute asteburuan zehar Castro Urdialesko (Kantabria, Espainia), eta Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoak jaun eta jabe izan dira final nagusian, 19:36,34ko denbora eginez. Bigarren sailkatu den Zierbenari bost segundoko aldea atera dio, eta hirugarren izan den Donostiarrari, berriz, 14 segundo.
Bezperako kanporaketa estropadan ere aise nabarmendu ziren Mirotzak. Haien txanda irabazteaz gain, bigarrena izan zen Bermeori 16 segundo atera zizkion; jaurdunaldiko bigarren markarik onena izan zen, hain zuzen ere. Bigarren kanporaketan, Zierbena eta Donostiarra izan diren lehen bi sailkatuak, baina Bermeok egindako denbora baino segundo gutxi batzuk gehiago behar izan zituzten.
Atzoak emandako konfiantza eta indarrarekin, estropada serioa jokatu du Oriok, eta lorpen berri bat eskuratu dute Iker Zabalaren mutilek. TKE liga hasierara motibazioz beteta iristeko baliagarria, zalantzarik gabe.
Txanponaren bestea aldea, aldiz, Badok13ri tokatu zaio. Atzo, kanporaketako ontzi bizkorrena izan zen Orioko Beteranoen Arraunketa Elkartea, erlojupeko estropadan. Baina berehala antzeman zuten Samertolemeukoek ez zizkietela gauzak erraz utziko. Izan ere, kasik denbora bera egin zuten, ehuneko eskas batzuen aldeagatik. Gainera, Cabo da Cruz ere ia bi segundora geratu zen.
Bandera lortzea garesti zegoen gaur, eta hori bistakoa izan da uretan. Estropada estua jokatu ondoren, Samertolemeuk bereganatu du txapelketa, 10:08,32ko denborarekin, eta Badok 13 trainerua orpoz orpo iritsi da, 1,74 segundora. Cabo Da Cruz izan da hirugarrena, gaurkoan 11 segundoko atzerapenarekin.