Benito Lertxundi omenduko duen ikuskizuna eskainiko dute Getxoko Folk Jaialdian

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 14a, 15:00

Benito Lertxundi abeslari oriotarra. (Guka)

Hunkidura kuttunak izenburua jarri diote, eta Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin leloa erantsi. Bertan, hainbat diziplinetako artistek hartuko dute parte. Emanaldia irailaren 14an izango da.

41. Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren itxiera egunean aitortza egingo diote Benito Lertxundiri. Hunkidura kuttunak izeneko ikuskizun berezia antolatu dute irailaren 14rako, non Orioko musikariaren abesti enblematikoenak taularatuko dituzten, hainbat diziplinetako artisten parte hartzearekin. Gisa horretan, Lertxundiren "ibilbide luzea eta emankorra ohoratu" nahi du jaialdiak, "omenaldi hunkigarri eta artistikoa" eskainita.

Ikuskizunaren ekoizpena Baga-Biga ekoiztetxeak egingo du, eta Arkaitz Hormaetxe eta Jon Maya izango dira zuzendari artistikoak; lantaldea hilabeteak daramatza proiektuarekin lanean, iazko urte bukaeran oriotarraren oniritzia jaso zuenetik. Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester, Mirua eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara, baina dantzak, bertsolaritzak, marrazkiak eta bestelako arte-adierazpenek ere beren tokia izango dute, ikusleari esperientzia estetikoa eta sakona eskaintzeko. Dantzari dagokionez, Kukai dantza konpainia ariko da.

Elkarlanetik sortutako ekitaldi berezi bat bihurtu nahi dutela adierazi dute jaialdiko antolatzaileek, eta Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin leloa ere gaineratu diote: "Emozioa, artea eta oroimena uztartuko dira gau berezi honetan, Benito Lertxundiren lana eta ondarea belaunaldi berriengana eramateko xedez". Sarrerak uztailaren 7an jarriko dituzte salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide