Gaur hasiko da hondartza denboraldia Orion, eta udalak ohar bat kaleratu du aurtengo zerbitzuen inguruan.
Hondartzako sorospen zerbitzua gaur jarriko da martxan, eta irailaren 14ra arte egunero egunero zainduko du hondartza, 11:00etatik 20:00etara bitartean. Udalak urtebeteko kontratua sinatu du aurten sorospen zerbitzua eskainiko duen enpresarekin, eta Aldundiarekin sinatu berri duen hitzarmenaren bidez, aurrerantzean, kontratazioak bertatik bideratuko dituzte.
Hondartzako kabinek ere sorospen zerbitzuaren egutegi bera izango dute, hau da, ekainaren 14etik irailaren 14era arte, egunero, 11:00etatik 20:00etara. Komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira, eta aulkiak, surfeko taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere izango dute. Hauek dira prezioak:
- Aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak: eguna, euro 1; astea, 3 euro; hilabetea, 8 euro; eta denboraldi osoa, 25 euro.
- Etzaulkiak eta surf-taulak: eguna, 2 euro; astea, 7,5 euro; hilabetea, 15 euro; eta denboraldia, 40 euro.
Bestalde, udalak dei egin die herritarrei hondartzako joan etorriak bizikletaz eta txu txu trenaz egiteko, kutsadura ez ezik, trafikoari eta aparkalekuei lotutako gorabeherak murrizten laguntzeko asmoz.