Orioko Udalak dei egin die herritarrei Harrotasunaren egunaren harira etxeko balkoiak zein leihoak apain ditzaten. Hilaren 28an, San Pedro egunaren bezperan, izango da Arrantzale eta Harrotasunaren eguna.
Herria festa betean murgilduta egongo da egun horretan, eta dantza zein musika emanaldiek, kalejirek eta sardina janak hartuko dituzte kaleak. Ospakizun horiei "indarra" emateko asmoz animatu dituzte oriotarrak balkoiak atontzera. Itsasoarekin, arrantzaleekin, saregileen munduarekin lotutako elementuak jar daitezke; hala nola arrantzako erremintak, arraunak, otarreak… Horrez aparte, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunari lotutako apaingarriak jartzea ere proposatu du udalak; banderak, koloretako elementuak edota mezu aldarrikatzaileak, alegia.
Hori hala, gogorarazi dute interesa dutenek banderolak eskuragarri dituztela Saregile Orioko Emakumeon Etxean.