Ekainaren 29an, San Pedro egunarekin, bizikletako Kronoigoera egingo dute Goiko Kalean barrena. Aldapa elkarteak garai batean Goiko Kaleko festetan egiten zen bizikleta-igoera berreskuratu zuen iaz, eta aurreko edizioaren arrakasta ikusita, aurtengo jaietan ere antolatzea erabaki du.
Bizikleta proba 11:00etan hasiko da, eta bi kategoria bereiziko dituzte: 9 eta 14 urte artekoak plazatik Pillikura igo beharko dute, eta 14 urtetik gorakoek, berriz, plazatik San Martinera.
Errepideko eta mendiko bizikletekin, bizikleta elektrikoekin eta bizikleta bereziekin parte hartu ahal izango da, "parte hartzea sustatzeko". Hori bai, parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa izango da kaskoa erabiltzea. Gainera, partaide guztientzat "sari ugari" egongo dira, hala nola Arkupe elkarteko loteak eta maillotak.
Izen-ematea zabalik dago ekainaren 25era arte herriko ikastetxeetan, kiroldegian eta Kolon Txikin.