Giza baliabideen kudeaketa hobetu beharra dagoela eta, Osakidetzako beharginak protestara deitu dituzte sindikatuek

Julene Frantzesena 2025ko eka. 8a, 08:00

Artxiboko irudian, Orioko anbulatorioa.

Satsek, ELAk, LABek, SMEek, CCOOk, UGTk, ESK-k eta USAk deitu dute protestara; 11:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak ospitaleen atarietan, eta 13:00etan lehen arretako zentroen kanpoaldean. Giza baliabideen arloan dauden "arazo larriei" aterabidea bilatzeko deia egin diote Osakidetzako zuzendaritzari.

Hainbat sindikatuk deituta, bihar, astelehena, Osakidetzako zuzendaritzaren kudeaketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute osasun zentroen aurrean. Satsek, ELAk, LABek, SMEek, CCOOk, UGTk, ESK-k eta USAk deitu dute protestara; 11:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak ospitaleen atarietan, eta 13:00etan, berriz, lehen arretako zentroen kanpoaldean.

Osakidetzako langileei eragiten dien lanpostuen hautaketa eta hornikuntza prozesuak "geldirik" edo "kaos bilakatuta" daudela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek. Akatsez beteriko kontratazio zerrenden argitalpenak egiten ari direla eta zerrenda horietako kideei "kalte serioa" eragiten ari direla esan dute. "Segurtasun eza erabatekoa da, baita kezka ere".

Kontratazio zerrenden egoera "egoera sostengaezinaren" izebergaren punta baino ez dela ohartarazi dute; izan ere, haien arabera, egoera hori lan eskaintza publikoen kudeaketan ere ikus daiteke. Bestalde, lekualdaketa eta mugikortasun prozesuak ere urteetan ebatzi gabe daudela ere esan dute. "Zuzendaritzak interesa duen kasuetan, baina, egiten dute aurrera; betetzeko zailak diren lanpostuen lan eskaintza publikoaren aurretik egin dute lekualdatzeen lehiaketa".

Egoera ez dela berria adierazi dute: "Giza baliabideen arloan zailtasunak daude Osakidetzan orain dela urte batzuetatik, eta egoera konpontzeko enpresa pribatu batek proposatu duen kudeaketa sistemak egoera are larriago bilakatu du". Sindikatuen aburuz, zerbitzuen "pribatizazioaren" eta horren ondorioen aurrean daude.

Horregatik, Osakidetzako langileei astelehenean egingo diren protestetara batzeko deia egin diete, zuzendaritza presionatzeko asmoz. "Gure haserrea eta frustrazioa serio har dezaten lortu nahi dugu, baita plantilla zigortzen duten arazo larriak konpontzeko urgentziazko neurriak hartzera bultzatu ere".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide