Euskadiko traineru txapelketa jokatuko dute igandean Bermeon

Julene Sorarrain 2025ko eka. 7a, 11:00

Orioko trainerua, Gipuzkoako txapelketa hasi aurretik. (Intza Trula)

Beteranoen eta senior mailako estropadak izango dira igandean, goizeko 11:00etan hasita. Gizonezkoen ontziak eta Badok 13 beteranoen traineruak ordezkatuko dute Orio Arraunketa Elkartea. 

Pasa den asteburuan jokatu zuten Gipuzkoako traineru txapelketa Orion, eta asteburu honetan, berriz, Euskadiko traineru txapelketaren txanda izango da. Bermeon (Bizkaia) jokatuko dute traineru lehia, goizeko 11:00etatik aurrera. Beteranoen eta emakume nahiz gizon seniorren estropadak izango dira biharkoan.

Eskualdeko lau ontzi arituko dira banderaren bila Bermeoko uretan. Orioko kluba Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen gizonezkoen ontziak eta Badok 13 beteranoen traineruak ordezkatuko dute. Eskualdeko beste klubei dagokienez, Zumaiak ontzi bat uretaratuko du, beteranoena, hain zuzen ere. Zarauzko kluba ere bertan izango da, eta emakumeen ontzia uretaratuko du. 

Beteranoen traineruekin hasiko da txapelketa, goizeko 11:00etan. 2.778 metro egin beharko dituzte, bi luze eta ziaboga batekin. Distantzia berea eta luze eta ziaboga kopuru bera egingo dute emakumeek, 12:00etan hasita. Bukatzeko, 12:45ean gizon seniorren txanda izango da: lau luze egingo dituzte, hiru ziabogarekin, eta bete beharreko distantzia 5.556 metro izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide