Sant Marti de Tous herrian (Katalunia) estatuko eskalatzaile onenak bildu ziren joan den asteburuan Espainiako Zailtasun Txapelketa eta Kopako lehen kanporaketa jokatzeko, eta Lur Guenetxea oriotarra izan zen onena bere kategorian, U15ean –15 urtetik azpikoetan–.
Sailkatze fasean oriotarrak "izerdi piska bat bota" zuela esan diote Gukari haren senitartekoek: "Lehenengo bidea oso ondo igo zuen arren, bigarrenean, txapatzea ahaztu eta ozta-ozta sailkatu zen finalera". Finalean, berriz, "dena eman" eta emaitza bikaina lortu zuen. "Oro har, sentsazioa oso ona da", gaineratu dute.
Euskal Selekzioak "parte hartze ona" izan duela ere azpimarratu dute, eta podiumetan "presentzia nabarmena" lortu duela.
Maila absolutuan, garaileak Alberto Gines eta Geila Macia izan dira, eta Euskal Selekzioko Mikel Linazisoro bigarren geratu da.
Irailean lehia gehiago
IFSC araudi berria aplikatu dute, eta kategoria berriak sortu dira: U19, U17 eta U15. Txapelketa eta Kopa nahastu dituzte, eta Guenetxearentzat podiumean aldaketa egon dela azaldu dute: Espainiako Txapelketan lehenengoa izan da, eta Kopako lehen jardunaldian, berriz, bigarren.
Aurten bloke probak eta zailtasun probak txandakatuz joango direla jakinarazi dute, eta, ondorioz, kirolariek etengabe egokitu beharko dutela batera eta bestera. "Euskal Selekzioa berriro ikusiko dugu irailean, irailaren 5ean, 6an eta 7an, blokeko bigarren proban", zehaztu dute.