Amaitu berri da aulki mugikorreko Gipuzkoako liga, baina oraindik lehian jarraitzen dute klubek, Euskadiko Txapelketa izango baita jokoan bihar 09:00etan hasita. Ohi bezala, Legution (Araba) izango dira estropadak, eta hainbat modalitate eta kategoriatan ariko dira arraunlariak.
Orio Arraunketa Elkarteak, esaterako, 31 ontzi uretaratuko ditu, hamabi emakumezkoetan eta hemeretzi gizonezkoetan. Emakumezkoetan, infantiletan eta kadeteetan banaka, bikoan eta laukoan lehiatuko dira; beteranoetan banaka; eta jubeniletan bikoan eta laukoan.
Gizonezkoetan, infantilak banakoan eta bikoan ariko dira; kadeteak banaka, bikoan, laukoan eta zortzikoan ariko dira; jubenilak banakakoan, bikoan eta laukoan; beteranoak bikoan; eta absolutuak, azkenik, banakoan.
Egin beharreko distantziei dagokienez, infantilek eta beteranoek 1.000 metro egin beharko dituzte, kadeteek 1.500 metro, eta jubenilek eta seniorrek, 2.000 metro.