Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako lan hitzarmen berritzeko negoziazioak "blokeatuta" jarraitzen du. Egoera salatzako eta patronalei egin zaizkien eskariak mahai gaineratu ditzaten eskatzeko, sei greba egun deitu ditu ELA sindikatuak: ekainaren 11, 12 eta 13rako, eta uztailaren 9, 10 eta 11rako iragarri ditu, hain zuzen ere. Hain justu ere, grebarako egunen harira, beren egoera aldarrikatuz, Urola Kosta egoitzetako zein zentroetako ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Zarautzen, Lege Zaharren Enparantzan.
Egoitzetan lan egiten duten 5.000 langileri eragiten die deialdiak, ia denak emakumeak, eta prekarietatearekin amaitzea izango dute aldarri dute egun horietan. Eskualdean, guztira, zazpi egoitza daude eta beste horrenbeste eguneko zentro. Zaintza sistema erdigunean jarri eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatzen du ELAk, besteak beste, honako ezaugarriekin: %100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat; soldata arrakalarekin amaitzea; asteko lanorduak 32 izatea eta adinean gora doazen langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea; arrisku psikosozialen plan adostuak; zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak; trantsizio ekosozialean aurrerapausoak, bertako produktuak txertatuz jatorduetan, besteak beste.
Era berean, Foru aldundiari eskatu diote "sektoreak bizi duen egoeraren jabe" egiteko eta "baliabideak" jartzeko. Sindikatuaren arabera, "aukera paregabea da genero arrakalarekin amaitu eta zaintza lanak erdigunean jarriko duen bestelako eredu bat ezartzeko". Horrez gain, langile guztiak grebarekin bat egin eta grebako egunetan izango diren ekintzetan parte hartzera deitzen ditu: ekainaren 11n, 11:00etan, elkarretaratzea Adegin; ekainaren 12an, 11:30ean, lan zentroetan elkarretaratzeak eta Zumaian, beheko plazan, eta 18:30etan Saregileen plazan mobilizazioak; ekainaren 13an, 11:00etan, manifestazioa Donostian, Gipuzkoako plazatik hasita.