Aulki mugikorrean bikain ibili dira beste behin Orio Arraunketa Elkarteko neska-mutilak. Larunbatean jokatu zuten Legution (Araba) Gipuzkoako Txapelketa, eta OAEk 17 domina lortu zituen, horietatik bederatzi urrezkoak, zazpi zilarrezkoak eta brontzezko bat.
Jardunaldi hori Gipuzkoako Ligarako ere puntuagarria izan zen –laugarren eta azken jardunaldia–. Gipuzkoako Federazioak astelehenean publikatu zituen ligan metatutako puntuak –klubeko talde guztiak kontuan hartuta, neska zein mutil–, eta sailkapen orokorren berri eman zuen. Hala, Orio izan da garailea kadete mailan, eta beste mailetan zilarra lortu du –infantil, jubenil eta senior mailetan–.
Garaipen horrengatik lortu duten bandera larunbat honetan jasoko dute, Legution, Euskadiko Txapelketaren jardunaldiaren ondoren.