Hil ala biziko partida zuten Orio Futbol Taldeko neska seniorrek joan den larunbatean etxean, Mendibeltzen, Aiztondori irabaziz gero Ohorezko Mailara igoko zirelako. 1-2 galdtu zuten, ordea, itzulerako partida, eta joanekoa ere galduta, ez zuten helburua erdietsi.
Oraindik ez dago dena erabakita, ordea. Izan ere, Ohorezko Mailan bigarren egin duen Zumaiako taldea Euskal Ligarako igoera fasea jokatzeko sailkatu zen, eta mailaz igoko balitz, zumaiarrek utzitako tokia oriotarrentzat izango litzateke, Aitor Arregi oriotarren entrenatzaileak Gukari azaldu dioenez.
Euskal Ligara igotzeko triangularra jotzen ari dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ohorezko Mailan bigarren geratu diren taldeak. Aurreko asteburuan, Zumaian, 7-0 irabazi zuten zumaiarrek Derioren aurka. Asteburu honetan Derion (Bizkaia) jokatuko dute Derioko eta Dulantziko (Araba) taldeek, eta ekainaren 14-15eko asteburuan, azkenik, Zumaia joango da Dulantzira partida jokatzera. Puntu gehien lortzen duen taldea igoko da Euskal Ligara. Asteburu horretan jakingo da, beraz, Orio mailaz igotzen den ala ez.
Zaleei eskerrak
Bien bitartean, Orioko Futbol Taldeko neskek eta entrenatzaileak eskerrak eman nahi dizkiete zaleei, larunbateko partidan jaso zuten babesarengatik: "Zelaia beteta egon zen, oso hunkigarria izan zen nola txalotu gintuzten partida amaitu zenean, eta berriz ere eskerrak eman nahi genizkieke neskak animatzera hurbildu ziren guztiei, bereziki guraso taldeari, urte guztian zehar gurekin izan ditugu eta zaletu onenak".