Eskubaloi denboraldiari merezitako amaiera emateko asmoarekin, IV. Eragin Eguna ospatuko dute ekainaren 21ean, Orio Eragin eskubaloi klubak antolatuta. Asmoa da urte osoan zehar eskubaloiaren bueltan dabiltzan jokalariak, entrenatzaileak eta euren familiak biltzea eta elkarrekin denboraldiaren amaiera ospatzea.
Hori horrela, guraso eta jokalarien arteko lagunarteko partidekin hasiko dute eguna. Guztira zortzi norgehiagoka jokatuko dituzte kiroldegian, 09:15ean hasi eta 13:15era arte. Eguna kirolarekin hasiko badute ere, guztia ez da izango izerdia botatzea. Jan-edanak eta musikak izango dute beren lekua egunean zehar. 13:45etik 15:00etara trikipoteoa egingo dute herrian zehar, eta, jarraian, bazkaltzeko geldialdia ere izango da Euskal Parrillaren eskutik, pergolan.
Txartelak dagoeneko salgai
Bazkarirako txartelak eskuragai egongo dira hilaren 12ra arte, Arkaitz, Kutixi eta Sukian. Helduen menuak 22 euro balio du, eta DH4ra arteko gazteenak, aldiz, 15 euro. Intolerantzia edota alergiaren bat dutenek, berriz, adierazi egin beharko dute orioeskubaloia@gmail.com helbidera mezu bat idatziz. Bazkalostean etxera joan nahi ez duten horientzat, Bide Batez erromeriak girotuko du ikastolako pergola.