Orion jokatu dute gaur goizean Gipuzkoako traineru txapelketa, traineru denboraldiko lehen estropada ofiziala. Lurraldeko klub eta ontzien koloreek jantzi dute Orioko herria.
Beteranoen estropadak eman dio hasiera gaurko arraunketa saioari, eta Badok 13 ontzia garaipena lortzetik hurbil izan da. Bi luzetara jokatu dute estropada, ziaboga bakarrarekin. Fortuna ontzia izan da ziabogan lehena, Badok 13rekiko traineru erdiko aldearekin. Itzulerako luzean eutsi egin diote donostiarrek aldeari, eta 10:08,73 denborarekin irabazi dute txapelketa. Bigarren izan da Badok 13, 10:10,59 denborarekin.
Gizonen saioak hartu du lekukoa. Orio hirugarren txandan aritu da Hondarribia, Donostiarra eta Getariarekin batera. Orio eta Donostiarraren arteko lehia izan bada ere, bigarren txandan aritutako San Juanek markatu du denborarik onena lehen ziabogan. Bigarrenean, baina aurretik ziren oriotarrak eta donostiarrak. Oriok atzetik aurrerako estropada egin du. Horren adibide da hirugarren ziabogan Donostiarra zela aurretik traineru bateko aldearekin, baina laugarren luze bikain batean, harrapatu lehenbizi eta pasatu egin du jarraian, helmuga puntuan hiru segundo ateraz Donostiarrari. 20:03,88 denbora egin du Oriok eta 20:06,76 Donostiarrak. San Juan izan da hirugarren gizonen estropadan.
Sari banaketa ekitaldian, merezitako harrera beroa jaso dute Orioko arraunlariek: alirona egin diete bertan bildu diren dozenaka herritarrek, txarangaren doinuek lagunduta.
Seigarren emakumeetan
Emakumeen arraunketa saioak eman dio amaiera gaurko Gipuzkoako txapelketari. Hamar ontzi aritu dira lehian, hiru txandatan banatuta, eta Arraun Lagunak izan da azkarrena, 11:10,08 denborarekin. Hirugarren txandana aritu den Orioko traineruak ezin izan du onenen artean herrikideen aurrean, eta seigarren postuarekin konformatu behar izan du, 11:23,60 denbora eginez, irabazlarekiko 13 segundora.