Orioko Udalak maiatzeko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, osteguna. Hamabi puntuko zerrenda izan zuten bilkuran hizpide EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. Bertan, udal aurrekontuen berri emateaz gain, puntu nagusi bat onartu zuten: elektrizitatea eta ur beroa sortzeko eguzki plaken instalazioa arautzen duen udal ordenantza. 11. puntua izan zen hori, galdera eta eskarien aurrekoa.
Hala, EH Bilduko eta EAJko zinegotziek aho batez onartu zuten elektrizitatea eta ur beroa sortzeko eguzki plaken instalazioa arautzen duen udal ordenantza. Gai hau diktaminatua izan zen maiatzaren 9an egindako tokiko garapenerako batzorde informatzailean. 2006. urtean, Orioko Udalak herrian eguzki plakak jartzeko ordenantza izapidetu eta onartu zuen. 2011. urtean, ordea, aldaketa izapidetu zuen, ordenantzaren laugarren artikulua aldatzeko, ordenantza horretan eraikin publikoetan jasotakoak baino plaken azalera handiagoa baimentzeko, hain zuzen ere.
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 1eko 5/2023 legea onartu zuen, autokontsumoa errazteko, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 legea aldatzeko. Autokontsumoko instalazioetarako obra lizentziaren beharra ezabatzeko asmoz izapidetu zen lege hori, lizentzia lortzeko beharraren ordez aldez aurreko jakinarazpena eginez.
5/2023 legea eta Jasangarritasun Energetikoaren legea kontuan hartuta, indarrean dagoen ordenantza aldatzea proposatu zuten atzo. Ordenantza horren xedea elektrizitatea eta bero instalazioak –termikoak eta fotovoltaikoak– sortzeko eguzki plaken ezarpena arautzea baita.
Jarraian, Olatz Santamaria alkateordeak hartu zuen hitza ordenantzaren nondik norakoak azaltzeko. "Onartutako ordenantza honek aurrekoa eguneratu du, eta aldi berean, Eusko Legebiltzarraren 2023ko legeak bidea markatu duen bezala, tramite horiek erraztu ditu. Ordenantza hau onartu ondoren, herritarrek teilatuetan autokontsumorako eguzki plaken instalazioa egin nahiko balute, aurretiko komunikazio bat egitea nahikoa lukete, hau da, ez da obrarako baimenaren zain egon behar", azaldu zuen.
Honekin batera, Santamariak gogorarazi zuen, ordenantza fiskaletan jasota dagoen moduan, eguzki plakak instalatzeko garaian, udalak dituen obra, eraikuntza eta instalazio zergei %95eko hobaria aplikatzen zaiela. Aldi berean, herritarrek ondasun higiezineko gaineko zergaren %40ko hobaria eskuratu dezakete horrelako instalakuntzak jartzen badituzte.