Bihar Mendibeltzen garaipena lortuz gero, Ohorezko Mailara igoko da senior nesken taldea

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 30a, 13:01

Emakume seniorren taldea. (Utzitakoa)

Hil ala biziko partida dute bihar 17:00etan etxean Orioko Futbol Taldeko emakumezkoek, eta horregatik, herritarrei eskatu diete bete ditzatela zelaiko harmailak taldea animatuz.

Ohorezko Mailara igotzeko borrokan jarraitzen dute Orioko Futbol Taldeko emakumezko seniorrek, eta bihar dute azken borroka, garrantzitsuena: partida irabazten badute, igoera lortuko dute. 17:00etan hasiko da norgehiagoka etxean, Mendibeltzen, eta horregatik, taldeak herritarrei eskatu diete zelaira joan daitezela eta harmailak bete ditzatela taldeari bultzada emateko.

Oriotarrek Zizurkilgo (Gipuzkoa) Aiztondo taldearen aurka jokatuko dute partida erabakigarria. Joan-etorriko kanporaketa da. Joanekoa aurreko larunbatean jokatu zuten haien etxean, eta Oriokoak markagailuan aurretik jarri ziren arren, 3-2 galdu zuten azkenean lehia. Dena den, Aitor Arregi entrenatzaileak azaldu duenez, emaitza ez da txarra, kanpoan sartutako golek bikoitza balio dutelako.

Igoera esku-eskura dute oriotarrek, eta eskerrak ere eman nahi izan dizkiete joaneko partidan animoak ematera Zizurkilera joan ziren zaleei. "Bihotzez, eskerrak", esan dute.

Futbolean aritu nahi dutenei deia

Bestalde, Arregik futbolean aritu nahi duten 16 urtetik gorako neskei dei egin die taldera batu daitezela datorren denboraldian. Izan ere, aurten taldean dauden batzuek ez dute futbolean jarraituko ikasketak edo lana direla eta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide