Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Federazioak herriko sektorea laguntzeko ekintza plana aurkeztuko du bihar, 14:30ean, Kultur Etxean. Planak izaera dinamikoa duela jakinarazi du Orioko Udalak, eta, beraz, herriko establezimenduetako kide guztiak gonbidatzen ditu aurkezpenera, beren ekarpenak eta iritziak emateko.
Gertuko merkataritzak hainbat aldaketa jasan ditu azken urteetan, merkataritza guneen agerpenarekin eta interneten erosteko joera gero eta handiagorekin. Merkataritza establezimenduek herriko ekonomia zirkularra indartzen dute, ordea, eta sektoreari aldaketa etengabe horretan laguntzeko helburuarekin, udalak merkataritza plana abiatu zuen iaz, bi zatitan banatuta. Lehenengo zatian, Dendartean-ek herriko eskaintza eta eskariaren diagnosi bat egin zuen. Azken hilabeteetan, berriz, diagnosi hori kontuan hartuta, ekintza plana eratu du, sektoreari laguntzeko neurriak bilduz.
Plan horretan, batetik, udalaren lidergoaren pean hartu beharreko neurriak ageri dira, esaterako, belaunaldi aldaketa bermatzeko edo ekintzailetza sustatzekoak. Eta, bestetik, Arkupe merkatarien elkartearen estalpean egin daitezkeen jarduerak daude.