Entrenatzaile aldaketa, Orioko Futbol Taldeko gizonezkoen lehen taldean

Julene Sorarrain 2025ko mai. 26a, 11:00

Igor San Miguel, Orioko entrenatzaile berria. (utzitakoa)

Aurreko astean jakinarazi zuen klubak Joseba Agirre ez dela datorren denboraldian gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea izango, eta bere ordez, Igor San Miguelek hartu du erreleboa.

Orioko Futbol Taldeak entrenatzaile aldaketa egin berri du 2025-2026 denboraldirako, eta aurrerantzean Igor San Miguel izango da gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea. Klubak azaldu duenez, futbol arloan "ibilbide oparoa eta askotarikoa duen profesionala" baita San Miguel, eta entrenatzaile gisa "esperientzia zabala" baitu maila ezberdinetan: "Bere lan egiteko moduak, metodologiak eta ikuspegi taktikoak erreferente bilakatu dute gure eskualdeko entrenatzaileen artean". Besteak beste, Realeko emakumezkoen lehen taldearen eta Osasunako bigarren taldearen ardura izan du Astigarragako entrenatzaileak, baita Azpeitiako Lagun Onak taldekoa ere, Hirugarren RFEF mailan.

Orioko Futbol Taldeak "etorkizuneko oinarri sendoak" finkatu nahi ditu, eta Igor San Miguelek ekarriko duen esperientzia, grina eta lidergo gaitasuna funtsezkoak izango dira bide horretan. Harrobiko lanarekiko duen sentsibilitatea eta jokoaren garapenarekiko duen konpromisoa bat datoz gure klubaren balioekin.

Agurra, Joseba Agirreri

Entrenatzaile berriaren etorrerarekin, klubak aurreko astean agurtu zuen Joseba Agirre, Orioko FT-ko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile oia. Izen ere, arrazoi pertsonalak tarteko, denboraldi amaieran agur esango dio klubari Agirrek. Erabaki honen harira, hurrengo mezua kaleratu du klubak bere sare sozialetan:

"Joseba gure apustua izan da hasieratik, eta ez gara damutzen. Maila profesionalean zein pertsonalean, sorpresa ederra izan da: konprometitua, langilea eta gertukoa. Hark gidatuta, lehen taldeak 10 urtean lortu gabeko lorpena eskuratu du: Ohorezko Mailara igotzea. Hori guztia dela eta, bihotz-bihotzez eskertu nahi dizugu emandako guztia. Zorte on handiena opa dizugu etorkizuneko erronka guztietan, eta beti izango dituzu ateak zabalik Orioko FT-n. Eskerrik asko, Joseba. Beti gure familia izango zara".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide