Merezitako aitortza Libe Arruabarrenari eta Kamel Ziani atletismo taldeari

Aritz Mutiozabal - Maialen Etxaniz 2025ko mai. 24a, 11:15

Mirotza sariak jaso zituzten atzo arratsaldean, Garagardo Azokaren irekieran, Oriko Arraunketa Elkartearen eskutik. Aurten, bi asteburutan ospatuko dute azoka.

Gogotsu ireki zuten atzo arratsaldean Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka, eta aurten, klubaren 60. urteurrena denez, bi asteburutan ospatuko dute. Halaxe azaldu zuen aurkezle lanetan aritu zen Aitor Larrazak, eta segidan, urteroko ohiturari jarraiki, urtean zehar kirol arloan nabarmendu direnei aitortza egin zien arraun elkarteak Mirotza sariarekin. Hala, aurkezleak oholtza gainera igotzeko deitu zituen Beti Onak taldeko Libe Arruabarrena eskubaloi jokalari gaztea eta Kamel Ziani atletismo taldea, bakoitzaren lorpenak jendaurrean azpimarratuz.

Txalo eta oihu alaien artean igo ziren, bai Arruabarrena bai Kamel Ziani eta Aitor Rubio. Sarituek estimu handiz jaso zuten Iñaki Arrillagak egindako oroigarria, eta Orio Arraunketa Elkartearenganako esker hitzak izan zituzten. Iaz Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa irabazteak zer suposatu duen galdetu zion Larrazak eskubaloi jokalariari, eta honek erantzun zion orain barneratuta duela, baina une haietan ez zuela sinesten. "Aldageletara sartu nintzenean, mugikorra hartu eta familiari bideo-deia egin nion, elkarrekin ospa genezan", jakitera eman du.

Jarraian, Zianiren ibilbide loriatsu goraipatu zuen aurkezleak, bere garaipen eta markak xehatuz, baita ondoren herrian sortutako atletismo eskola eta taldea ere. "Nire ibilbide profesionalaren amaieran nengoen eta Aitorrekin batera, erabaki genuen atletismo talde bat sortzea herrian. Aurrez izan zen talderen bat, baina ez zuen gehiegi funtzionatu", adierazi zuen Zianik. Mutiko batzuekin hasi zirela gogora ekarri zuen, eta gaur egun talde majoa osatzen dute, adin eta maila ezberdinetakoak.

Sarituekin familia argazkia aterata, ofizialki zabalduta geratu zen Orioko Garagardo Azoka, eta pixkanaka-pixkanaka herriko plazako mahaiak eta aulkiak betetzen joan ziren, garagardo pitxar eta ukondo zein saltxitxekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide