Berezi-berezi dator X. Garagardo Azoka

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 20a, 17:00

Gaur Zipriren egoitzan egin duten aurkezpenean, enpresa horretako ordezkariak, Ander Atorrasagasti OAEko zuzendaritzako kidearekin eta Anuska Esnal Orioko alkatearekin. (Onintza Lete Arrieta)

Aurreneko aldiz bi asteburu iraungo ditu garagardo azokak, eta egitarauaren barruan Gipuzkoako Traineru Txapelketa eta mus txapelketa iragarri ditu Orio Arraunketa Elkarteak. Mirotza sariak zeinentzat izango diren ere jakinarazi du: Libe Arruabarrena eskubaloi jokalari gaztea eta Kamel Ziani atletismo taldea.

Berezi-berezi dator aurtengoan Orio Arraunketa Elkarteak (OAE) antolatzen duen Garagardo Azoka. Arraun elkarteak 60 urte bete dituenez, erabaki ausarta hartu du klubak: asteburu bakarrean ospatu ordez, bi asteburutan egitea azoka. Eta ez hori bakarrik: Gipuzkoako Traineru Txapelketa ere, herrian antolatzea.

Dena du prest arraun elkarteak, eta babesleen eta laguntzaileen babesa eskertu du, baita aurreko zuzendaritzetako kideena ere, haiek bultzatuta egin baitute apustua. Orioko Udalak, berriz, pozarren hartu du albistea, "herritarrek oso gustura hartzen dutelako Garagardo Azoka", Anuska Esnal alkateak gaur prentsaurrean azpimarratu duenez. OAEren babesle nagusia da Zipri, eta haren egoitzan eman dute prentsaurrekoa, Santio Errekan.

Garagardo Azokari buruzko xehetasunak, berriz, Ander Atorrasagasti OAEko zuzendaritzako kideak eman ditu. Batetik, egitarauko aurtengo nobedadeetako bat aipatu du: mus txapelketa. "Herriko gazte kuadrilla batek aurreko sanikolasetan antolatu zuen aurrenekoz mus txapelketa, eta arrakasta izan zuen. Pentsatu genuen ideia ona zela Garagardo Azokako igande arratsaldea girotzeko, eta gainera, kuadrilla horrek egingo ditu egun horretako turnoak azokan", esan du. 

Aurtengo Mirotza sarien oroigarriak, Iñaki Arrillagaren eskulturak. (Onintza Lete Arrieta)

Mus txapelketa igande honetan izango da, 16:00etan. Bikoteko 30 euro ordaindu beharko dira, eta garagardo pitxer bana jasoko dute trukean. Irabazleak 800 euro, txapela eta oroigarriak jasoko ditu, baita beren altuera adina garagardo kaxa eta afari bat ere. Sari gehiago ere egongo dira: 2. saria 300 euro, oroigarria eta afaria izango dira; 3. saria 100 euro eta afaria; eta 4. saria, 50 euro eta afaria. 

Aurtengo Mirotza sariak

Aurtengo Mirotza sariak zeinentzat izango diren ere jakinarazi du Atorrasagastik: Libe Arruabarrena eskubaloi jokalari gazteak eta Kamel Ziani atletismo taldeak jasoko dituzte Iñaki Arrillagak egindako oroigarriak. "Arruabarrenarekin akordatu gara, iaz eskubaloiko munduko txapelketa irabazi zuelako Espainiako selekzioarekin, eta Kamel Zianiri, berriz, bere ibilbideagatik eman nahi genion, baina uste dugu atletismo talde osoak merezi duela aitortza, herrian egiten ari diren lanagatik", zehaztu du. Arruabarrenak herri aitortza ere jaso zuen iaz.

Hain zuzen, haien sari banaketarekin zabalduko dute azoka, ostiral honetan, 19:00etan, eta ondoren, Hillbilly Jokers taldeak musika saioa eskainiko du. Larunbatean, arraun hitzorduak izango dira nagusi eguerdi partean; aurrena OAEren babesleen arteko estropada jokatuko dute errioan, eta 14:00etan hasita, berriz, beteranoen estropada izango da. "Beraz, jende dezente espero dugu eguerdi partean". 

Babesleen estropadari dagokionez, Ziprik, Orialkik, Easok eta PBXek parte hartuko dute, eta Setaldekoak ere Garagardo Azokan izango dira bazkaritan, trainerua osatzeko adina jende elkartu ez arren.

Musikarekin amaituko da eguna, DJ Fisherren emanaldiarekin. Igandean, esan bezala, mus txapelketa egingo dute, 16:00etan hasita.

Hurrengo asteburuan, berriz ere ostiralean zabalduko da azoka, hilaren 30ean, 19:00etan, eta erromeria izango da iluntzean Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagaren eskutik. Larunbatean, hilak 31, arraunlarien aurkezpen ekitaldia izango da, 12:00etan, eta gauean DJ Hidalgoren emanaldia.

Azkenik, ekainaren 1ean Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko da errioan, 10:30ean hasita. Atorrasagastik nabarmendu du bi asteburuetan egongo direla estropadak errioan, eta hori "pozgarria" dela klubarentzat.

Jan-edana, iazko prezioan

Jan-edanari dagokionez, Atorrasagastik azaldu du eskaintza iazko bera izango dela, eta prezioak ere mantendu egingo dituztela. "Garagardo Azoka batzuetan prezio altuagoak izaten dituzte, baina guk tabernetan dauden prezioak jarri ditugu, lan guztia boluntarioekin egiten dugulako eta herriari zerbitzu hau eman nahi diogulako".

Gargardo arrunta eta berezia eskainiko dituzte, arrunta 3 euroan pitxerra eta berezia 4 euroan pitxerra. Janarai dagokionez, natxoak guakamolearekin, saltxitxak patata purearekin eta txerri ukondoarekin eskainiko dituzte, iaz bezala. 

Egitaraua

Maiatzak 23, ostirala

  • 19:00. Mirotza sarien banaketa eta azokaren irekiera.
  • 20:00 eta 22:30. Hillbilly Jokers taldearen kontzertua.

Maiatzak 24, larunbata

  • 11:00. OAEren babesleen arteko estropada, errioan.
  • 14:00. Beteranoen arraun estropada, errioan: X. Jakes Landa Memoriala.
  • 20:00 eta 22:30. DJ Fisher. 

Maiatzak 25, igandea

  • 16:00. Mus txapelketa. Izen-ematea 15:30etik 16:00etara, plazan bertan.

Maiatzak 30, ostirala

  • 19:00. Garagardo azokaren irekiera.
  • 20:00 eta 22:30. Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariak.

Maiatzak 31, larunbata

  • 12:00. OAEko arraunlarien aurkezpena.
  • 21:00. DJ Hidalgo.

Ekainak 1, igandea

  • 10:30. Gipuzkoako Traineru Txapelketa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide