Egutegia beteta izango dute OAEko arraunlariek asteburuan

Julene Sorarrain 2025ko mai. 23a, 16:00

OAEko gizonezkoen trainerilla bat. (J.A. Rodriguez)

Gaur arratsaldean zabalduko dituzte Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azokako ateak, baina arraunlariek zenbait norgehiagoka ere izango dituzte asteburuan, hala nola XXIV. Mutrikuko Bandera eta Espainiako LXXVIII. Trainerilla Txapelketa.

Orio Arraunketa Elkarteak asteburu bete-betea izango du oraingoan. Gaur arratsaldean zabalduko dituzte Garagardo Azokaren ateak, baina festaz gain, zenbait norgehiagoka ere jokatuko dituzte. 

Larunbat goizean Mutrikun (Gipuzkoa) jokatuko den XXIV. Mutrikuko Banderan izango dira. 11:00etan emango die hasiera txapelketari, eta hiru tandatan lehiatuko dira taldeak; Oriok azkenengoan hartuko du parte, Hondarribiarekin, Zierbenarekin eta Donostiarekin batera. 

Etxetik urrutirago joanda, Espainiako LXXVIII. Trainerilla Txapelketa jokatuko dute larunbatean eta igandean, A Pobra do Caramiñalen (Galizia). Orioko klubak ontzi bat uretaratuko du bertan, gizonezkoen absolutuena, hain zuzen ere. Aurkari izango ditu Zierbena eta Galiziako beste sei ontzi. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide