Rioja Filarmonia taldeak kontzertua emango du igande arratsaldean 18:00etan San Martin baselizan. Alba Carretero (Orio, 1996) musikaria da talde horretako kideetako bat, eta biolinarekin ariko da bera. Alba Reirisek eta Jorge Nicolas Manriquek, berriz, biolontxeloa eta clavicembaloa joko dituzte; aspaldiko piano mota bat da azken hori.
Carretero hitzordurako gogotsu dago, eta Gukari aitortu dio saio berezia izango dela berarentzat: "Niretzat kontzertu berezia izango da igandekoa, aurrenekoz joko baitut herrian taldearekin". Urteak daramatza ganbera musika eskaintzen talde horrekin, baina Orion ez dira izan inoiz. Gehien gustatzen zaion formatua da, gainera, zuzendaririk gabe, musikariek beraiek elkarrekin koordinatu behar izaten dutelako emanaldian zehar, elkarri entzunez eta elkarrekin komunikatuz.
Emanaldia eskainiko duten tokia ere bada berezia, San Martin baseliza. "Egurrezko sabaia dauka, eta uste dugu akustika ona egongo dela. Clavicembaloak ez du piano normalak bezainbeste soinu egiten, eta horregatik, entzuleak gertu eta adi egotea beharko dugu", adierazi du.
Barrokoko piezak interpretatuko dituzte bakarka, binaka eta hirunaka, txandakatuz. Afektuen sinfonia izena du kontzertuak, eta emozioak bor-borka jarriko dizkiete saiora gerturatzen diren herritarrei. "Teoria filosofiko-estetiko bat da, barroko garaikoa, non pentsatzen zuten musika bakoitzak era desberdinean eragiten ziela entzuleei, eta horren arabera aukeratu dugu errepertorio anitza. Kontzertuan gai hori landuko dugu", azaldu du. Afektuen arabera, pieza batzuk alaiak izango dira, beste batzuk tristeak, beste batzuk dramatikoak... "Batetik bestera drastikoki aldatzea da asmoa, barrokoan egiten zen gisan".
Hainbat proiektutan murgilduta
Astegunetan musika irakasle dabil Carretero Bizkaian, Arratia bailaran, eta gainerakoan, hainbat proiektutan murgilduta, Rioja Filarmonia taldean ez ezik, Donostiako Opus Lirica enpresaren bitartez hainbat opera orkestratan aritzen baita oriotarra, baita Kantabriako orkestran ere.
Orioko Udalak antolatu du kontzertua, eta ohar bat kaleratu du, emanaldiaren berri ematearekin batera, San Martin inguruan autoak aparkatzeko lekurik ez dagoenez, herritarrei eskatuz emanaldira oinez hurrera daitezela. Kontzertua doakoa dela ere azaldu du udalak.