Orioko Udalak eta herriko hezkuntza alorreko eragileek 2023an sortu zuten Txalupan programa, hizkuntza-integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleei zuzenduta. Errefortzu-eskoletatik haratago, planteamendu globalago bat egiten du ekimenak, herriko ikasleen premiei behar bezala erantzuteko. Izan ere, haurrentzat antolatzen diren jarduerak ez dira iristen ikasle batzuengana, eta Txalupan programaren bidez, haurrei aukera ematen zaie herriko aisialdi eta kirol jardueretan parte hartzeko.
Udalak uste du, programa honen bidez, Orio "aurrerapauso handia" ematen ari dela herritarren kohesioa hobetzeko. "Hori irudikatzen du programaren izenak berak ere: herritar guztiak txalupa berean nahi ditu udalak, herriko bizitzan eta gure jardueretan elkarrekin parte hartuz, berdintasunean".
Programa HHtik DBH4ra bitarteko hizkuntza-integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleei zuzenduta dago. Ikasle horiei aukera emango zaie herriko eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko datorren ikasturtean eta 2026ko udan, eta udalak ordainduko ditu jarduera horien kostuak, programaren aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian.
Programan parte hartzeko, interesdunek herriko bi ikastetxeen bidez aurkeztu beharko dute eskaera, maiatzaren 31 baino lehen. Hemen daude aurtengo deialdiaren oinarriak, euskaraz eta gaztelaniaz.