Imanol Alguacil entrenatzaileak atzo gauean agurtu zituen Reale Arena estadioko harmailak behin eta betikoz. Gironaren aurka 3-2 emaitzarekin irabazi ostean, oriotarrak buelta osoa eman zion Donostiako futbol zelaiari, bertaratutako jarraitzaile guztiak agurtzeko eta eskerrak emateko. Izan ere, atzo izan baitzen Alguacilen azken partida Realarekin etxean. Entrenatzaileak, gainera, urrezko intsignia jaso zuen partida hasi baina lehen, Jokin Aperribai presidentearen eskutik.
Futbol taldeak, zazpi urteko ibilbidearen ostean, hurrengo mezua partekatu du Alguacil omentzeko: "Realaren historiako entrenatzailerik onenetako bat badoa. Errege Kopako titulu batekin, Europarako bost sailkapen jarraian lortuta eta Txapeldunen Ligan parte-hartze batekin, partida askotan kontinentearen inbidia izanik. Baina, segur aski, Imanolek denbora honetan eraman duen gauzarik baliotsuena, azken bosturtekoan talde honen ibilbideaz inoiz ez bezala gozatu duten zaleen maitasuna da. Maitasun hori zelaian islatu da gaurko, bai partida atarian bai amaieran. Reale Arenan baloia jokoan ipini aurretik Jokin Aperribay presidenteak urre eta brillantezko intsignia ezarri dio, estadio osoaren txalo zaparrada izugarriarekin. Partida amaitu ondoren, eta jokalari eta bere gertuko laguntzaileekin batera, ohorezko azken itzulia eman dio Reale Arenari, beti bere jendea, familia eta etxea izango denari agur esateko. Eskerrik asko denagatik, Imanol".
Partidan ondoren prentsaurrekoan, azken adierazpenak egin zituen Alguacilek : "Emanaldi oso polita eta hunkigarria izan da. Aurrekoan esan nien jokalariei, joan baina aurretik faltan botatzen ditudala. Nire ustez, erabaki onena da, bai niretzat baita klubarentzat ere. Gaurko eguna bizi ostean, oso eskertuta noa".
Argazkiak: Real Sociedad.