Orioko gizonezkoek bederatzigarrenez irabazi dute Euskadiko Trainerilla Txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 19a, 10:10

Orioko arraunlariak, atzo Ondarroan, banderarekin. (Orio Arraunketa Elkartea)

Atzo jokatu zen lehiaketa Ondarroan (Bizkaia), eta ehuneneko batzuen aldeagatik gailendu ziren oriotarrak polemikaz betetako jardunaldian. Kluba "oso gustura" agertu da 26 urteren buruan berriz txapelketa irabazteagatik, eta hurrengo erronka Espainiako Txapelketa izango dela gogorarazi du.

Lehia ezin estuago bat jokatuta, Orioko gizonezkoek bederatzigarrenez irabazi dute Trainerillen Euskadiko Txapelketa. Atzo Ondarroan (Bizkaia) zen hitzordua, eta Orio ontzi bakarrarekin lehiatu zen, gizonezko seniorretan, eta hiru aurkari izan zituen: Zierbena, Bermeo eta Ondarroa.

Zierbena eta Orio pare-parean iritsi ziren helmugara, eta ehuneneko batzuek erabaki zuten bandera Oriori ematea: 13:41,40 denbora markatu zuen Oriok, eta 13:41,88, berriz, Zierbenak. Polemikarik ez zen falta izan, photofinishik ez zutelako jarri, eta azkenean, epaileek Orioren aldeko emaitza eman zuten.

Bermeo ere ez zen beste bi ontziengandik urrun ibili, 13:43,27 denbora egin baitzuen. Ondarroa izan zen atzean gelditu zen bakarra, 14:21,10 denbora eginda, Oriorengandik ia 40 segundora. 

26 urteren ondoren, bederatzigarrena

Orio Arraunketa Elkarteak esku artean dituen datuen arabera, bederatzigarrenez irabazi du Oriok txapelketa hori. Azkena 1998an eskuratu zuen, eta beraz, 26 urte ziren txapelketa hori irabazten ez zuela. Honako urteetan eskuratu zituen beste banderak, asko jarraian: 1985ean, 1991n, 1992an, 1993an, 1995ean, 1996an eta 1997an.

Kluba pozik agertu da garaipenagatik: "Oso gustura gaude, 26 urte ondoren berriz ere Euskadiko Trainerilla Txapelketa geureganatu dugulako. Zorionak eman nahi dizkiegu parte hartu duten arraunlari guztiei eta beraien inguruan mugitu diren laguntzaile denei".

Klubak argi du "hurrengo erronka" ere, A Pobra do Caramiñalen (Galizia) jokatuko den Espainiako Txapelketa. Datorren astean bertan jokatuko da hori.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide