Orioko Udalak Imanol Alguacil Realeko entrenatzaile oriotarrarentzako mezua argitaratu du gaur udalaren webgunean. "Besarkada bat, Imanol!" goiburu hartuta, "Orioko herriaren besarkada" transmititu nahi izan dio, "inoiz baino estuagoa", gaur arratsaldean baitauka Realeko entrenatzaile gisa etxeko azken partida. 19:00etan da hitzordua, Anoetan, Girona taldearen kontra. Ondoren beste jardunaldi bat gelditzen da liga amaitzeko, eta Alguacilek ekainean utziko dio talde txuri-urdinaren entrenatzaile izateari.
Denboraldi bikainak egin ditu Realarekin, taldea goiko puntaraino eraman du eta zaleengan aspaldian ez bezalako ilusioa eragin du. Ia zazpi urtean entrenatu du taldea, eta Errege Kopa bat irabazi, Europan lehiatzeko txartela hainbatetan lortzeaz gain. Azken denboraldi honetan, baina, gauzak ez dira berak nahiko lukeen bezain ondo atera –datorren denboraldian ez du Europan jokatuko Realak–, eta udalak garai zailez ere hitz egin du bere mezuan, 2022ko irailean, Mendibeltz futbol zelaian egin zioten omenaldia gogora ekarrita: "Besarkada izena duen koadro bat oparitu genizun eta mezutxo bat helarazi, gaur inoiz baino presenteago izatea nahi duguna: futbola, bizitza bezalaxe, argi-ilunez eta ilun-argiz beteta dago. Garaipenetan, garai onetan, jendea erraz egoten da inguruan, erraz eta erruz. Ilunaldietan, berriz, dena da hotzago, urrunago… eta hortxe sentitzen da benetako maitasuna". Udalak gaineratu du "horixe" zela koadroarekin transmititu nahi ziotena Alguacili: "Garai zailetan, beti ondoan izango duzu Orioko herriaren berotasuna
Koadro haren bidez transmititu nahi genizuna horixe zen: garai zailetan, beti ondoan izango duzula Orioko herriaren berotasuna. Jaso ezazu gaur, Imanol, inoiz baino estuago, Orioko herriaren besarkada".
Partida oso-oso berezia
Alguacilek atzo eskaini zuen prentsaurrekoan kazetariei aitortu zien gaurko partida berarentzat "oso-oso berezia" izango dela, eta uste duela hala izango dela jokalari batzuentzat eta staff-ekoentzat ere.
Klubak urrezko eta brillantezko intsignia emango dio gaur, partida hasi aurretik, eta horregatik ere eskertuta agertu zen oriotarrak, berak halako omenaldirik ez duela merezi pentsatzen duen arren.