"Gregorio itzultzea falta da urteetan luzeegi luzatu den ziklo bat ixteko"

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 18a, 11:02

Euskal presoen aldeko Puzzlea osatu arte egitasmo ibiltariak geldialdia egin zuen atzo arratsaldean Orion. Lesakatik (Nafarroa) abiatu zen goizean, eta Iruñara iritsiko da gaur, 29 herritan geldialdia eginda. Hain zuzen, kartzela zigorra erregimen itxian betetzen ari diren 58 presoen herriak bisitatu ditu Sarek antolatutako ekintzak, horiek aske uztea eskatuz.

"Euskal Herrian urteak daramatzagu denon artean puzzle bat eraikitzeko lanetan, eskubide urraketa ugari eta, horrenbestez, askorentzat sufrimendu handia eragin dituen gatazka politiko baterako soluzioen puzzlea", esanez hasi zuen Orioko Sareko kide batek atzo 15:00etan Herriko Plazan izan zen ekitaldia. 58 euskal preso daude kartzeletan, eta horien jaioterrietan, 29 herritan, geldialdia egin zuen atzo Puzzlea osatu arte egitasmo ibiltariak, preso horien askatasuna aldarrikatzeko. Orion, zigorraren hiru laurdenak beteta dituen Gregorio Eskuderoren eskubideak errespetatzea eskatu zuten. 

"Gaur pozik esan dezakegu lortu dugula puzzlearen zenbait pieza kokatzea, euskal preso, erbesteratu eta deportatuak etxera itzultzearekin lotuta daudenak, hain zuzen", adierazi zuen Sareko kideak. "Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri izanak eta gradu progresioaren politika ezartzen hasteak –legean jasotakoarekin bat–, besteak beste, aukera eman digute amesten dugun puzzle osatuaren irudia bistaratzeko. Bada pieza bat kostata aurkitu duguna: Europako zuzentarauaren aplikazioa, Frantziako kartzeletan betetako zigorraren denbora kontuan izateko. Eskuetan dugu pieza hori orain, bere tokian jartzea falta da, harekin estu loturik dauden beste pieza asko ere sartu ahal izateko".

Zigorra erregimen itxian betetzen ari direnak

"Prozesuaren burura" iristen ari garela azpimarratu zuen, baina horrekin batera,  "hainbat erbesteratu eta deportatu etxera itzuli gabe" daudela oraindik. "Horiez gain, berrogeita hemezortzi pieza daude aurkitzeko. Zigorra erregimen itxian betetzen ari diren presoak dira pieza horiek, erregimen irekietara (kalera ateratzeko aukera programatu eta kontrolatuekin) pasatzeko lege baldintzak betetzen badituzte ere. Euskal Herriko hogeita bederatzi herritan dauden berrogeita hemezortzi hutsune dira, falta diren piezekin bete zain".

Orion, herriko presoa izan zuten gogoan: "Gregorio itzultzea falta da, harekin itxi dadin urteetan zehar luzeegi luzatu den ziklo bat. Gregoriok zigorraren hiru laurdenak beteak ditu, eta lege eta espetxe politika arrunten arabera, erregimen irekian behar zuen aspaldi. Sufrimendua gehiago luza ez dadin, etxean behar dugula adierazi nahi dugu".

"Puzzlearen azken piezak lehenbailehen aurkitu eta jarri beharra dago. Ez dezagun denbora hiltzen utzi" esanez amaitu zuen hitzartzea. Euskal presoak etxeratzearen eta Gregorioren aldeko oihuekin erantzun zuten plazan bildutako herritarrek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide